Bidenek ohartarazi du AEBek ez dutela Israelera armarik bidaliko armada Rafah hirira sartzen bada

Israelgo oposizioko buru Yair Lapidek Netanyahuri egotzi dio AEBen mehatxua eragin izana. Bidenek esan du AEBek hala ere jarraituko luketela defentsarako laguntza militarra bidaltzen.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden, herenegun, Kapitolioan (Washington). MICHAEL REYNOLDS / EFE
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Biden, herenegun, Kapitolioan (Washington). MICHAEL REYNOLDS / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 9a
11:10
Entzun

Abisu bat bestearen atzetik egin ondoren, ultimatuma eman du bart AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek, iragarri baitzuen AEBek ez dutela Israelera ofentsibarako arma gehiago bidaliko soldadu israeldarrak Rafah inbaditzen hasten badira. Etxe Zuriko maizterrak CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean esan zituen hitzok: «[Israelgo armada] Rafah hirian sartzen bada, argi esan nuen ez dudala bidaliko orain arte Israelek ofentsibarako erabili dituen arma horietatik gehiago».

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk zeharka erantzun dio AEBen mehatxuari. Iragan astean emandako hitzaldi bateko pasarte txiki bat jarri du X sare sozialean. Bideo horretan, hauxe esaten du: «Israelek bakarrik borrokatu behar badu, bakarrik egingo du». Tel Avivek NBE Nazio Batuen Erakunderako duen enbaxadore Gilad Erdanek ere Washingtonen abisua kritikatu du, eta ohartarazi du halako erabaki batek «nabarmen ahuldu» dezakeela Israelek «Hamasen boterea desegiteko» duen gaitasuna. Israelgo oposizioko buru Yair Lapidek, berriz, Netanyahuri leporatu dio AEBen mehatxua eragin izana. «Gerra garaian gisa honetako desadostasun politikoak izatea porrot bat da, eta Netanyahuren gobernuak eragin du», esan du gaur goizaldean.

Halere, ez du irudi Netanyahuren kabineteak —eta, bereziki, horko kiderik kontserbadoreenek— atzera egiteko asmorik dutenik. Bidenen abisuari jaramonik egin ez, eta, are, Israelgo armadak Rafahren inbasioa «berehala» hasi behar duela esan du Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek. «Kontua da Rafah erabat konkistatzea, eta hori zenbat eta azkarrago egin, orduan eta hobeto», idatzi du X sare sozialean. Antzeko jarrera adierazi du Defentsa ministro Itamar Ben-Gvirrek. Sare sozial horretan, «Biden» eta «Hamas» izenak idatzi ditu txio batean, eta horien artean bihotz baten emotikonoa jarri du.

Bestalde, Bidenen hitzen inguruan galdetuta, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek esan du «bonbarik ez izatea» dela «bonbarik ez jaurtitzeko» modu bakarra. Nolanahi ere, Bidenen abisuak ez du esan nahi AEBek ez luketenik Israelera laguntza militarrik bidaliko, Tel Avivek ofentsibarako erabil ditzakeen armak baizik; hortaz, Washingtonek jarraitu egingo luke defentsarako laguntza militarra bidaltzen.

Gazaren aurkako erasoaldiak aurrera egin duen heinean, nabarmen ahuldu da Israelek nazioartean duen irudia, eta nazioarteko babesa galtzen ari da pixkanaka. Horren erakusgarri da, kasurako, Mendebaldeko zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortzeko adierazi duten asmoa. Irlandako hedabide nazionalak kaleratutako ikerketa baten arabera, Irlanda eta Espainia pauso hori ematekoak dira maiatzaren 21ean.

Horrekin lotuta, Palestina Segurtasun Kontseiluko eskubide osoko kide aitortzeko bozketa egitekoa da, bihar, NBEren Batzar Nagusia. Arabiar Emirerri Batuek ondu dute bihar bozkatuko duten zirriborroa. Onartua izateko, erakunde horretako Batzar Nagusiko bi herenek bozkatu behar dute alde.

Tentsioa gora beste fronteetan

Israelek Rafah ekialdea husteko emandako abisuaren harira, nazioartea Gaza hegoaldeari begira dago egunotan, baina beste fronteetan ere borrokak areagotu dira. Gaur goizaldean, Siriako Defentsa Ministerioak asteon bigarrenez Damasko bonbardatzeaz akusatu du Israel. Ministerioak prentsa oharrean zehaztu du erasoek ez dutela hildakorik eragin. Kontrara, Israelgo armadak egindako bonbardaketetan gutxienez lau pertsona hil dituzte Libano hegoaldean.

Eta zerrendan ez dute etenik Israelgo armadaren erasoek: Rafahko eta Gaza iparraldeko zenbait eremu bonbardatu dituzte bart gauean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, soldadu israeldarrek 34.900 palestinar hil eta 78.500 baino gehiago zauritu dituzte urriaren 7tik hona. Bestalde, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi du 80.000 pertsonak egin dutela ihes Rafahtik Israelek eremu horren ekialdea ebakuatzeko agindu zuenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.