Bielorrusia

Bielorrusiako oposizioak ez ditu onartu bozetako emaitzak

Datu ofizialen arabera, Lukaxenkok botoen %80 inguru eskuratu ditu, eta ohartarazi du ez duela onartuko bera agintetik kentzeko saiorik. Berrehun lagunetik gora atxilotu dituzte gaueko protestetan.

Bozen otean, ehunka lagun kalera atera ziren, iruzurra salatuz. TATYANA ZENKOVICH / EFE
2020ko abuztuaren 10a
08:07
Entzun

Emaitza ofizialek berretsi egin dituzte bozkalekuetan eginiko inkestak, eta, horien arabera, Alexandr Lukaxenkok botoen %80 inguru eskuratu ditu, Bielorrusiako presidente izaten jarraitzeko. Milaka lagun kalera atera ziren atzo, iruzurra salatzeko. Lukaxenkok ontzat eman du garaipena, eta ohartarazi du ez duela onartuko Ukrainan gertatutakoa errepikatzea: 2013an Ukrainan piztu ziren protesten ondorioz, kargua utzi behar izan zuen Victor Janukovitx presidenteak. «Hauteskunde gaueko protestak ez ziren bat-batekoak izan, antolatuak baizik. Hala ere, antolatzaileen asmoa ez zen hori. Minsk erdigunean sua piztu eta hiriburu osotik zabaltzea nahi zuten, baina ez dute lortu».

Lukaxenkok seigarren garaipena lortu du hala, eta karguan jarraituko du 2025era arte. Lukaxenko presidente karguan da 1994tik. Svetlana Tikhanouskaia geratu da haren atzetik, botoen %9,9 jasota. Tikhanouskaiak maiatzean hartu zuen oposizioaren lidergoa, haren senar Sergei Tikhanouski biolentziara dei egiteagatik espetxeratua izan ostean. Parte hartzea %84 inguru izan da, eta boza ematera deituta zeuden herritarren %41ek aurrez bozkatu zuten.

Aurretiazko boz kopuru handiak iruzur susmoak piztu ditu. Oposizioak ez ditu onartu emaitzak, eta, bozkalekuak itxi ostean, milaka lagun irten ziren kalera, protestan. Polizia manifestarien aurka oldartu zen, eta hainbat lagun atxilotu dituzte Minsk hiriburuan. Gobernuz kanpoko Viasna erakundearen arabera, hildako bat eta dozenaka zauritu egon dira protestetan, eta 200dik gora atxilotu. Barne Ministerioak, ordea, ukatu egin du halakorik gertatu izana. Egun guztian Interneterako konexioa moztuta egon zen, Sputnik albiste agentziaren arabera.

Tikhanouskaia bera gaur irten da lehen aldiz jendaurrera, eta bozetan «iruzurra» izan dela salatu du. Bide batez, gauean izandako manifestazioen aurka jo izana ere gaitzetsi du presidentegaiak. «Onartezinak dira manifestari baketsuen aurkako indarkeria eta informaziorik eza. Interneterako sarbideak blokeatuta egon dira gauaren parte handi batean, eta oraindik ere arazoak ematen dituzte».

Hauteskundeetarako bidea korapilatsua izan da. Bere burua bozetara aurkeztuko zutela adierazi zuten oposizioko bi kide atxilotu egin zituzten, eta beste batek Errusiara alde egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.