Estatu kolpe baten bidez heldu zen agintera Abdelfata al Sisi, egungo presidentea. Baina, kolpearen osteko bozetan bera izan zen nagusi, eta ordukoen oso antzeko emaitzak eskuratu ditu oraingoan ere. Emaitza ofizialek berretsi egin dute joan den astean komunikabide nagusiek aurreratutakoa, bigarren agintaldia egingo duela presidente karguan.
Botoen %97,08 eskuratu ditu Al Sisik. Ordea, haren garaipena parte hartze baxuak ilundu du. Izan ere, bi hautagaiek bozkatzera joateko deia egin bazuten ere herritarren %41ek soilik egin zuten halakorik. Alferrik izan dira Hauteskunde Batzorde Nazionalaren mehatxuak ere, zeinak ohartarazi zuen zigortu egingo zituela erroldan egon eta bozkatzera joaten ez zirenak.
Kritika ugari ere izan dira bozen inguruan, eta askoren iritziz, Al Sisik berak bere neurrira antolatutako hauteskundeak izan dira igaro berri direnak. Izan ere, apenas izan den hautagairik, eta oposizioko talde nagusien hautagaitzak bertan behera utzi dituzte. Mousa Mostafa Mousa bera, oposizioko hautagai nagusi gisa aurkeztu den arren, gobernuaren jarraitzailea da.