«Oinarria bere lekuan dago, eta orain lanari lotu behar gatzaizkio», adierazi zien Lulak bere jarraitzaileei, Sao Paulo hirian. Bigarren agintaldia heldu den urtarrilaren 1ean hasiko da, eta gobernu berria osatzeko negoziazioak, aurreko agintaldian ez bezala, Lularen beraren esku egongo dira. Aurrekoan PT alderdia arduratu zen negoziazio horietaz. Instituzioekiko Harremanetarako ministro Tarso Genroren esanetan, Lulak ekingo dio gobernua osatzeko beste alderdiekiko elkarrizketei, arlo horretan «inoren esku deus utzi gabe». Orain ahalik eta alderdi gehien sartu nahi ditu Lulak hurrengo gobernuan.
Presidentea hautatzeaz gain, Brasilek dituen 27 estatuetatik hamarretako agintariak hautatu behar zituzten orain brasildarrek. Hamar horietatik bostetan nagusitu dira PTko hautagaiak. Halere, 2003tik Kongresuan hainbat eserleku galdu ditu PTk, eta ustelkeria akusazioengatik ikertu dute bozen ondoren ere. Azken eskandaluan, Alckminen aliatuen izena zikintzeko agiri batengatik 770.000 dolar ordaintzekotan egotea leporatu izan diete PTko goi agintari batzuei. Bi urtez Kongresuan hainbat erabaki aurrera atera ahal izateko botoak erosi izana egotzi izan diete agintari horiei, baita kanpainak legez kanpo finantzatzea ere. Lula inoiz ez dute lotu eskandalu horiekin, baina haren izenari kalte egin diote.
Haren jarraitzaileak horren jakitun izaki, ustelkeria borrokatzeko prest daude. «Ustelkeria egon dela badakigu; beraz, egin beharko dugun lehenbiziko gauza hori PTtik eta Gobernutik erauztea izango da», esan du Sao Pauloko Riquelme Wallen Alves Brandaok.
POBREENEI LEHENTASUNA. Kongresuan pentsio eta zerga alorreko erreforma handiak egin nahi ditu Lulak, baita pobre askoren sostengua ahalbidetu dion Familia Laguntzak programarekin segitu ere. «Behartsuenei arreta emango diegu. Pobreek lehentasuna izango dute gure gobernuan».
Behin betiko emaitzak jakinda, zorte ona opatu zion Alckminek Lulari. Beste hamaika agintarik ere zoriondu zuten, tartean Bolivia, Errusia eta Portugalgo presidenteek.
SosLaIa
Ezkerraren eta liberalismoaren artean nabigatzen
Luiz Inacio da Silva, 'Lula'Brasilgo presidentea eta PT alderdiko burua«Ozeanoa arrantzontzi batean zeharkatzea erabaki duen nabigatzaile bakartia da Lula; tifoi eta itsasikarei, olatu erraldoi eta aurkako haizeei aurre egin, eta oztopo oro gainditu du. Aurkari historikoekin aliantzak egitera, finantza merkatuaren jabeak kontent uztera eta Banku Zentralari men egitera behartuta egon da; bere gobernua ia erorarazi zuen urakan etiko bati aurre egin behar izan dio, baina herriak ez du galdu harenganako konfiantza, eta bigarren agintaldirako hautatu du». Luiz Inacio da Silva Lula presidentearen lagun zahar (eta aholkulari berezi ohi) Frei Betto fraidearen hitzak dira, hark bigarren agintaldirako babesa lortu eta biharamunean esanak.Politikako eta ekonomiako marrazoekin lehiatu eta hitzarmenak egin behar izan ditu Lulak bigarren agintaldia eskuratzeko, baita bere PT Langileen Alderdi barruko ustelkeria kasuei aurre egin ere. Lehenago, ordea, muturreko pobreziatik atera eta, besteak beste metalaren sektoreko langile eta sindikalista bezala, bide gogorra egin behar izan du 61 urte bete berri dituen gizon honek. Vargem Granden jaioa (egungo Caetes, Pernambuco), zazpi urte zituela, Sao Paulora aldatu zen familiarekin. Kakahueteak saltzen eta bota garbitzaile ibili ondotik, 12 urterekin tindategi batean hasi zen lanean, eta gero mekanikari, bulego laguntzaile eta tornulari jardun zuen. 1968an sindikalismora hurbildu, eta 1969an, emaztea eta umekia haurdunaldiaren bederatzigarren hilean galdu ondoren, buru-belarri murgildu zen zeregin horretan. Metal arloko 1978, 1979 eta 1980ko grebak gidatu zituen. 1978an epaiketarik gabe kartzelatu zuten, diktadura garaian.
1980an, sindikalistak, intelektualak, troskistak eta baseko katolikoak bilduta, PT Langileen Alderdia sortu zuten. 1982an bere izen ofizialari erantsi zion Lula izengoitia. 1986tik diputatu federal zela, 1989an presidentetza lortzear egon zen. 1994 eta 1998an berriz saiatu ondoren, 2002an arrakasta izan zuen. Nolanahi ere, urteotan, alderdia ildo iraultzailetik pragmatismora eta sozialdemokraziara aldatu, eta gizarte programak indartzeko politikaren eta neoliberalismoaren presioen artean nabigatzen dabil Lula. JUANMA SARASOLA