Bigarren aldiz Portugalgo presidente izateko aukera eskura dauka Cavacok

Inkesten arabera, hautagai kontserbadoreak lehen itzulian irabaziko du, baina abstentzio handia espero duteGobernu sozialistarekin desadostasun handiak izan ditu Estatu buruak krisiagatik

2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Portugalgo presidentea hautatzeko bozketen lehen itzulia izango da gaur, baina bozetarako herritarren gogo eskasia nabarmendu da kanpainan, egoera ekonomiko zailak eragiten dizkien ondorioez kezkatuago baitaude. Gainera, presidenteak botere aski mugatuak dauzka Portugalen, eta, inkesten arabera, Anibal Cavaco Silva kontserbadoreak irabaziko du nabarmen, jarduneko presidenteak. Bigarren itzulirik behar izan gabe eskura dezake nahikoa boto berriz ere agintean izateko —hala ez bada, otsailaren 6an egingo da bigarren itzulia—.

Dena den, Europako Batasunarentzat garrantzitsua da Portugalen zer gertatuko den, Greziaren eta Irlandaren ondoren Portugal izan baitaiteke Europaren laguntza jasotzen hurrena. Jose Socrates lehen ministroa laguntza horren kontrakoa da, baina ezinbestean hala gertatuko balitz, PSD oposizioko talde nagusiak, hau da, Cavacoren alderdiak ohartarazi du Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko eskatuko duela EBren laguntzara jotzen bada. Cavaco presidentearen eta Socrates lehen ministroaren arteko harremana ona izan zen legegintzaldiaren hasieran, baina krisi ekonomikoarekin gaiztotu egin da.

Inkesten arabera, bozen %57 eta %60 bitartean lortuko ditu Cavacok, eta, beraz, aise lortuko du lehen itzulian garaipena, hori betez gero. Dena den, abstentzio handia egon daitekeela-eta inkesten emaitzak alda daitezke. Horrez gainera, kanpainan hautagai kontserbadoreari egotzi dizkioten irregulartasun fiskalek eta Portugalgo Banku Nazionalarekin izandako gehiegizko loturek uste baino desatseginago egin diote bozen lehia.

Orain dela bost urte bezala, Cavaco Silvaren atzetik —bigarren txanda batera lehiatzeko aukerarik gabe— PSP Alderdi Sozialistako hautagai Manuel Alegre aterako litzateke. Olerkari gisa ezagun den hark botoen %20 eta %27 artean eskuratuko lituzke. Boto gutxirekin geratuko lirateke, beraz, beste lau hautagaiak, hots, Francisco Lopez (Alderdi Komunista eta Berdeak), Defensor Mura eta Fernando Nobre (independenteak) eta Jose Manuel Coelho (eskuindar nazionalista).

Emaitzan ez du inork zalantzarik egiten, atzo Portugalgo egunkari guztiek adierazi bezala. Marina Costa Lobo politikan adituak uste du karguaren erabakitzeko gaitasun urriagatik dela: «Jendeak badaki ez duela presidenteak agintzen, eta batez ere ekonomia arazoez arduratzea ez da haren zeregina».

Ekonomian Europak agintzen duela ere badakite herritarrek, Costa Loboren ustez: «Herritarrek ikusi dute Bruselatik dutela iragarri ekonomia plana indarrean jartzea; hortaz, argi ulertu dute egoera horretan gobernuak gutxi agintzen duela eta presidenteak are gutxiago». Dena den, krisi ekonomikoak kalte gehiago egingo die gobernuan diren sozialistei kontserbadoreei baino, nahiz eta paradoxikoki Cavacok bat egiten duen herritarren poltsikoari kalte egin dion murrizketa ekonomikoarekin.

Egoera ekonomikoari so

Anibal Cavaco Silva hautagai faboritoaren ustezko iruzurrek kanpainaren giroa berotzea lortu dute apur bat azken txanpan, baina, oro har, saltsa handirik gabea izan da, herritarrak egoerarekin etsita daudelako. Grezia eta Irlandaren ondoren, Portugalek ditu gaur egun ekonomiaren gainbeheraren ondorioak larrienik pairatzen, Europako Batasuneko herrialdeen artean. Egoera larri horri aurre egiteko xedean, krisialdirako planak bata bestearen ondotik ebatzi ditu Socrates Portugalgo lehen ministro sozialistaren gobernuak. Urtebetean hirugarren plana jarria du indarrean, eta hartu dituen neurri zorrotzek herritar gero eta gehiagori eragin die: soldaten igoera bertan behera uztea, erretiro pentsioak izoztea,diru laguntzak murriztea eta funtzionario postuak kentzea, besteak beste.

Neurri gogor horiekin, Socratesen helburua da defizit publikoa %3ra jaistea 2012rako, eta aurten bertan defizit hori %7,3ren azpira gutxitzea hartu du xedetzat —%9 baino gehiago izan du aurten—.

Iragana gogoan

Europako Batasunak zerbait mesede eginik ere, Portugalgo herritar gehienek uste dute gaizkiago bizi direla gaur euren herrialdea 1986an Europako Batasunean sartu aurretik baino. Deloitte gizarte azterketa etxeak eginiko galderei erantzutean, herritarren %58k hala iritzi diote; %23k, berriz, alderantzizkoa pentsatzen dute. Are kezkagarriago da Portugalgo herritarren %46k uste dutela Salazarren eta Caetanoren diktadura garaietan orain baino hobeto zeudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.