Italiako Parlamentuak herrialdeko presidentea hautatzeko bozketa hasi du gaur. Parlamentuaz gain, eskualdeetako ordezkariak ere elkartu dira, beraz, denera 1.007 ordezkarik dute botoa emateko aukera. Lehenengo bozketan Franco Marini PDko hautagaiak ez du lortu nahikoa babes —521 boto eskuratu ditu—, eta beraz, arratsaldean berriro elkartu dira. Bigarren bozketa 15:45 aldera hasi da, eta horretan ere ez du inork behar adina babes izan.
Hautagaiek bi herenen botoa behar dute lehen hiru bozketetan (672 boto). Laugarrenetik aurrera gehiengo osoarekin nahikoa izango da (504 boto). Bihar izango da hurrengo bozketa.
Marini eta Stefano Rodota (M5Sren hautagaia) daude presidente izateko hautagai sendoenen artean. Atzo PDLk eta PDk iragarri zuten akordio bat egin zutela Marini babesteko. Maiatzaren 15ean bukatuko da Giorgio Napolitanoren agintaldia.