People’s Vote (Herritarren Botoa) taldearen deiari erantzun diote milaka herritarrek, antolatzaileen aurreikuspenak nabarmen gaindituz. Ekaineko manifestazioan 100.000 pertsona izan ziren, eta taldeak helburutzat jarri zuen gutxienez kopuru horretara iristea gaurko deialdian; ordea, hilabeteotako aurrerapauso ezak, eta EB Europako Batasunarekiko askoren iritzi aldaketak uholde bilakatu du Erresuma Batuko Parlamenturako bidea.
Bien bitartean, Ingalaterra ipar-ekialdeko Harrogate hirian EBtik ateratzearen aldekoak elkartu dira, eskuin muturreko UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruzagi ohi Nigel Faragek deituta. Arrakasta, ordea, ez da Londreskoaren bera izan, soilik 1.200 pertsona izan baitira han.
Erresuma Batua martxoaren 29an aterako da EBtik, eta orduan abiatuko dute 21 hilabeteko trantsitzio epea. Iragan asteazkeneko eta osteguneko Europar Kontseiluan, ordea, epe hori luzatzeko aukera jarri dute mahai gainean bi aldeek.