Eskoziaren independentziari buruzko bigarren galdeketa 2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean egin nahi zuen Eskoziako lehen ministroak. Sturgeonek esana zuen "akordioaren xehetasunak jakitean, Eskoziak bere etorkizunari buruz erabakitzeko aukera" izan beharko lukeela.
Ekainaren 8an, Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeetan, 2015eko bozetan baino 21 eserleku gutxiago lortu zituen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Emaitzak ezagutzean, Sturgeonek adierazi zuen erreferenduma egiteko asmoak eragina izan zuela beherakadan.
Orain jakinarazi du galdeketa antolatzeko lege prozedura eten egingo duela hori argitu arte; erreferendumerako egutegia "berrabiatuko" dutela iragarri du. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak esana du "urteak" pasatu daitezkeela brexit-a guztiz gauzatu arte.