Bigarren mailako herritarrak

Ijitoen aurkako mugimenduak indartzen ari dira Europa ekialdeko herrialdeetan. Mendebaldekoetan ere ugaritzen ari dira haien aurkako neurriak.

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ijitoen kontrako neurri ugari hartzen dituzte Europan. Ijitoen kanpamentuak desegiten dituzte. Haur ijitoak bereizten dituzte eskoletan. Ijitoen aurkako manifestazioak ez dituzte debekatzen. Europan bigarren mailako herritarrak dira ijitoak. Bigarren mailakotzat hartzen dituzte politikariek, bigarren mailakotzat herritar askok ere.

Eslovakiako ikastetxeetan, esaterako, neska-mutil ijitoak banatu egiten dituzte gainerako ikasleengandik. Bereizitako ikasgeletan jasotzen dituzte klaseak, eta askotan, jolasgaraian ere ezin dute elkartu beste umeekin. Ijito asko, adimen urriko haurrei zuzendutako eskoletara bidaltzen dituzte. Eslovakian ijitoak herritarren %10 baino gutxiago dira, baina horrelako eskoletan ikasleen %85 dira ijitoak.

Open Society Foundation giza eskubideen aldeko fundazioak egindako ikerketa baten arabera,Europako batez bestekoarekin alderatuta, Eslovakiako eta Txekiako ume ijitoak 27 aldizgehiago joaten dira adimen urrikoei zuzendutako klaseetara. Hain zuzen ere, 2007an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Txekiari ijitoen aurkako «arrazismoa eta diskriminazioa» egotzi zion. Baina auzitegiaren epai hark ez du eragin postiborik izan Txekiako gizartean. Hezkuntza arloan, ijitoei trabak jartzen jarraitzen dute oraindik, eta horrek ijitoen gizarteratzea zaildu du. Iaz egindako zundaketa baten arabera, herritarren %90ek arazotzat jotzen dute bizilagun ijitoak izatea.

Hungaria da ijitoen aurkako mugimenduak indarra duen beste herrialde bat. Igaro den astean, Miscolk hirian ijitoen aurkako 3.000 bat manifestari elkartu ziren, talde neonaziek deituta.Parlamentuan 45 eserleku dituen Jobbik alderdiko presidente Gabor Vonakek hitz egin zuen manifestazioaren amaieran: «Gure alderdiak Hungaria eraikitzen dutenak lagunduko ditu, bakoitzaren koloreari begiratu gabe; baina herrialdea suntsitzen dutenak ez ditugu bakean utziko». Nazien parean, 1.000 ijito inguru batu ziren, Hau gure herrialdea da. Nazirik gabeko Hungaria nahi dugu bezalako leloekin.

Bulgarian ere ohikoak dira ijitoen aurkako ekintzak. Istilu larrienetakoak iazko irailean gertatu ziren. Kutunitsa hirian bi gazte hil ziren gidari batek autoarekin harrapatuta. Gidaria ijitoa zen, eta talde neonaziek ezbehar hori baliatu zuten ijitoen aurka ekiteko. Etxeak eta autoak txikitu zizkieten, eta hiria uztera behartu zituzten.

Frantziatik ere, kanpora

Europako ekialdean ez ezik, mendebaldeko herrialdeetan ere hartu dituzte ijitoen aurkako neurriak. Frantziako Gobernuak 2010ean hartutako erabakiak iskanbila handia sortu zuen. Nicolas Sarkozyren gobernuak ijitoen 500dik gora kanpamentu desegin, eta Bulgariako eta Errumaniako 10.000 ijito inguru erbesteratu zituen. François Hollande Frantziako presidente berriak ere Sarkozyren bidetik jarraitzea erabaki du, eta udaz geroztik hainbat kanpamentu desegin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.