Bilboko gizon batek txerri gripea izan dezake behin betiko emaitzek oraindik baieztatu ez duten arren

Gaztea Gurutzetako ospitalean dago eta hobera egiten ari da. Gaitza herritarren artean zabaltzeko arriskurik ez dagoela jakinarazi du Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Mexikon 149 lagun hil dira gaixotasunaren ondorioz. Beste 1.614 pertsona artatu egin dituzte eta %40 oraindik erietxeetan daude. Europako Batasunak "erantzun koordinatua" emango du. Espainian atzeman dute EBko lehen kasua. Katalunian hamar ustezko kasu aztertzen ari dira.

2009ko apirilaren 27a
19:21
Entzun
149 lagun hil dira txerri gripearen ondorioz Mexikon, Jose Angel Cordova Mexikoko Osasun sailburuak jakinarazi duenez. 1.614 pertsona gaitz beragatik erietxera eraman behar izan dituzte -haietatik %40 oraindik bertan daude-. Munduan ere zabaldu da, baina, gaitza, eta Euskal Herrian hiru pertsonen kasuak aztertzen ari dira. Bilboko 30 urteko gizonezkoa txerri gripeagatik kutsatua egon daiteke, baina oraindik ospitalearen behin betiko baieztapena falta da. Gurutzeetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalean dago eta osasun arloko iturriek diote hobera egin duela. Mexikon izan berria da gizonezkoa, eta larunbatean joan zen erietxera, sukarrarekin.

Hala ere, pertsona horrek txerri gripea duela baieztatzen bada ere, gaitza herritarren artean zabaltzeko arriskurik ez dagoela jakinarazi du Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilariak.

Nafarroan, berriz, oraingoz kasurik baieztatu ez den arren, Mexikotik iritsi berri diren bi laguni odol analisiak egin dizkiete eta emaitzen zain daude. Sintomatologia argirik ez dute erakutsi eta haien osasun egoera ez dela larria jakinarazi dute osasun zerbitzuek.

Espainian baieztatu da Europako Batasuneko (EB) lehen kasua: Albaceten. Gizonezko bati atzeman diote gaixotasuna. EBko Osasun ministroek ezohiko bilera egingo dute laster, eta gaur Atzerri ministroek esan dute gaitzaren aurrean EBko 27 herrialdeek "erantzun koordinatua" emango dutela.

Frantziako Estatuan lau pertsona ikertzen ari dira. Beste bi kasu jada aztertu dituzte eta biek negatibo eman dute azterketa medikuan, Roselyne Bachelot Frantziako Gobernuko Osasun ministroak esan duenez. Katalunian, berriz, hamar lagun daude gaitza izan dezaketenak, Generalitatek esan duenez. 21-32 urte artekoak dira denak eta guztiak ere Mexikon izan dira orain gutxi. Ameriketako Estatu Batuetan berrogei kasu baieztatu dituzte eta Kanadan sei.

"Oso egoera larria"

OME Osasunerako Mundu Erakundeak egoera "oso larria" dela ohartarazi du eta alerta egoera hirugarren mailatik bosgarrenera aldatzea aurreikusi dutela jakinarazi du. Seigarren maila da alarma egoerako altuena.

Pandemia arriskuak kezkatzen du bereziki OME, hein handi batean hainbeste lagun kutsatu dituena birusaren mutazio ezezaguna delako. Halaber, okerrena birus hori gizakien artean kutsatzen dela da, Thomas Abraham OMEko eledunak adierazi duen moduan.

"Mexikoko eta AEBetako egoera oso larria da, eta, horregatik, gertutik aztertu beharrekoa", azaldu du Margaret Chan OMEko zuzendari nagusiak. "Kasu denak birus berri batek eragin ditu, eta azkar ari da garatzen". Chanek emandako azalpenen arabera, animaliek pairatzen duten gripea da Mexikoko eta AEBetako herritarrak gaixotu dituena. Eta gutxitan bada ere, gertatzen omen da animalietatik gizakietarako birus jauzi hori.

A/H1N1 birusak hainbeste lagun kutsatu baditu, ordea, gaitza pertsonen artean transmititu delako izan da. Jatorrizko birusaren eramaileak animaliak izanagatik, birusa zabaldu dutenak pertsonak izan dira. Eta horrek kezkatzen ditu, hain zuzen, adituak. AEBetako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak (CDC), hala, birusa azkar hedatzen dela eta, hortaz, ezingo dela gelditu ohartarazi du. "Okerrenerako prest egon behar dugu. Egoera benetan serioa da, eta oso kezkatuta gaude", adierazi du Anne Schuchat CDCko osasun publikoko zuzendariak.

Txerri gripearen jatorrizko birusak aldaketak jasan dituela uste dute adituek; alegia, txerri gripearen birusa mutatu egin dela.

Hil honen 13an detektatu zituzten txerri gripearen lehen kasuak, Mexikon. Ostegunera arte, hala ere, ez zuten aukerarik izan birusaren jatorria eta arriskua ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.