Segurtasun nuklearraren inguruko bigarren goi bilera hasi zen atzo, Hego Korean. 53 herrialdetako ordezkariak elkartu dira Seulen, «terrorismo nuklearra» deitu diotenaren aurka neurriak hitzartzeko asmoz. Arreta nagusia, ordea, bilkuran landuko ez dituzten hiru auzik bereganatu dute: Ipar Koreak iragarritako satelite jaurtiketak; AEBen eta Errusiaren arteko elkarrizketak arma nuklearren eta misilen aurkako ezkutuaren inguruan; eta Iranen programa nuklearrak. Barack Obama AEBetako presidenteak izan du protagonismorik handiena; alde batetik, Txina estu hartu duelako Pekinek Piongiangengan duen eragina erabil dezan, eta, bertzetik, Moskuri eskaintza bat egin diolako arma nuklearrak gutxitzeko hitzarmen bat egiteko.
Ipar Koreak heldu den hilean jaurti nahi du satelitea. AEBek, Hego Koreak eta Japoniak, berriz, mehatxutzat hartu dute proba hori; haien arabera, Piongiangek bere gaitasun militar nuklearra ezkutuan probatu nahi du jaurtiketa horrekin. Gainera, Hego Koreak mehatxu egin du misila bere aire eremuan sartuz gero bota eginen duela. Obamak Txinaren jarrera kritikatu zuen herenegun, eta exijitu zion gogorragoa izan dadila Ipar Korearekin. AEBetako presidentea eta Hu Jintao Txinakoa atzo elkartu ziren, Seulen, segurtasun bilkura hasi aitzinetik, eta, hainbat gairen artean, Ipar Korea izan zuten mintzagai. Txinak adierazi du azken gertakariekin «kezkatuta» dagoela, eta Washingtoni eta Piongiangi eskatu die egin dezatela bide diplomatikoen alde. Ben Rhodes AEBetako Segurtasun Nazionalerako kontseilariordeak, baina, Pekinen jarrera kritikatu du berriz. «Txinak iraganean ere kezka agertu izan du, baina Ipar Koreak portaera berari eutsi dio».
Mikrofono irekia
Medvedevekin ere elkartu da Obama Seulen. NATOk Europako ekialdean eratu nahi duen misilen aurkako ezkutua da bi herrialde horien arteko arazo nagusietako bat. Aliantzak dio Europa «herrialde erasotzaileetatik» babesteko dela, baina Errusiak mehatxutzat du. Bileraren amaieran, mikrofono batek Obamaren eta Medvedeven arteko elkarrizketa bat grabatu du. Hor, AEBetako presidenteak azarora arteko epea eskatu dio Errusiakoari ezkutuaren auziaz negoziatzeko. «Nire azken hauteskundeak izanen dira. Bozen ondoren, malguagoa izanen naiz». Medvedeven erantzuna: «Ulertzen dut. Informazio hori Vladmirri [Putini] helaraziko diot».
Izan ere, maiatzean hartuko du presidentetza Putinek. Hil horretan bertan biltzekoa da Obamarekin, eta AEBetako presidenteak jakinarazi du eskaintza bat eginen diola buru nuklear estrategikoak gutxitzeko hitzarmena egiteko, baita erreserban dituzten bertze buruak eta arma taktikoakmurrizteko ere —borroka guneetan erabiltzen direnak—. Obamak aitortu du AEBek «behar baino arma nuklear gehiago» dituztela.
Txinako eta Errusiako agintariekin Irani buruz ere mintzatu da Obama, eta eskatu die hor ere presio gehiago egiteko. Alde batetik, Teherani mehatxu egin dioAEBetako presidenteak, «denbora bukatzen» ari zaiola erranda; baina, bertzetik, diplomatikoki konpontzeko denbora badagoela erran du, «baina denbora eskasa».
Segurtasun auziak mintzagai
Seulgo bilkurako agendan ez daude ez Ipar Korea, ez Iran, ez baitira mintzatuko arma nuklearrak ugaritzearen inguruan, bertzelako segurtasun auzi batzuez baizik: uranio aberastua ebastea eragozteko neurriez eta antzeko gaiez. Adierazpen bateratua gaur eginen dute.
Bileratik kanpoko bilerak
Seulgo nuklearren bilkuran, Ipar Korearen entseguaz, Errusiaren eta AEBen harremanaz eta Iranez hitz egin duteObamak Medvedevi agindu dio misilen ezkutuaren auzian «malguagoa» izanen dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu