EUROPAKO BATASUNEKO GOI BILERA

Bilkura porrota izango dela dio EBko presidente Junckerrek

EBko buruek Itunaren berreste prozesua izozteko proposamena egin dute, proiektua salbatzeko behin-behineko neurri gisa

2005eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Ia ziur nago goi bilera honetan ez dugula lortuko ditugun aurrekontu aurreikuspenak onartzea». Hitz ezkorrak edo errealistak, nondik begiratzen zaion Europako Batasuneko buruzagi baten ahotik; hain justu, EBko txandakako presidente eta Luxenburgoko lehen ministro Jean-Claude Junckerrek egin zituen atzo adierazpenok, gaur hasi eta bihar bukatuko den bilkuran helburu nagusiak betetzeko aukeraz. Egunotan hainbat bilkura egin dituzte EBko agintariek, bai goi bilera prestatzeko bai lotu gabe dauden puntu nagusietan aurrekontuak eta Konstituzioaren berreste prozesua adostasuna bilatzeko. Alta, ez dute arrakastarik izan, eta Junckerren adierazpenak dira horren erakuslerik argienak. Goi bileran akordiorik lortu ezean, areago sakonduko da Batasunaren krisia. Bozketa gehiago ez galtzeko, berreste prozesua izoztea proposatu zuten bart.

Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok, bere aldetik, Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrrek herenegun esandakoarekin bat egin eta Europako Ituna berresteko prozesuan «geldialdia» behar dela nabarmendu zuen. Frantziako eta Herbehereetako herritarrek Konstituzioari ezetza eman ondoren EBn sortutako krisia ikusirik, «zuhurtasuna» gomendatu zuen atzo Durao Barrosok, bere ustez orain bi lehentasun nagusiak «hazkunde ekonomikoa eta lana sortzea» direlako. «Zintzoki, ezin dugu esan Konstituzioa hilda dagoela», esan zuen Durao Barrosok, baina onartu zuen Europaren batasuna ez dela gaurgero botoemaileak erakartzen dituen auzi bat, eta Frantziako eta Herbehereetako ezezko botoek beste estatu batzuetan domino efektua izan dezaketela. «Beharbada, zuhurtasuna izango da aterabiderik onena. Geldialdi bat gomendatzen dut. Bitartean, hazkunde ekonomikoa eta lana sortzea dira bi lehentasunak», adierazi zion France 3 telebista kateari.Oraindik 13 estatu geratzen dira Ituna berresteko edota errefusatzeko eta EBko agintariak kezkatuta daude haietan ezezkoa zabaltzeko posibilitatearekin. Durao Barrosoren eta beste buruzagi batzuen iritziz, eta herritarren borondatea gutxietsita, ezezko botoa ematea «muturreko jarrera» hartzea da. «Estatu eta gobernuburuei eskatu behar diet beren egoera zintzotasunez azaltzeko, ereferendumen prozesua nola ikusten duten-eta», esan zuen, eta EBk aurrea jotzeko B planik eta «aterabide magikorik» ez duela gogoratu. Atzo Europako Batasuneko Kontseiluko presidente Jean-Claude Juncker, Europako Batzordekoa, Jose Manuel Durao Barroso eta Europako Legebiltzarrekoa, Josep Borrell goi bilera aurreko azken bilkura egin zuten, eta gaur eta bihar eztabaidatzekoak diren gaiei begira, adostasun gehiago lortu zituzten Konstituzioaren inguruan aurrekontuetan baino. «Ildo nagusietan segitu beharreko metodoan bat datoz Kontseilua, Batzordea eta Legebiltzarra», azaldu zuen Borrellek, baina metodoa zehaztu gabe.Aurrekontuari dagokionez, EBren 2007 eta 2013 arteko aurrekonturako azken proposamena jakinarazi zien atzo ilunabarrean Junckerrek hedabideei. Eztabaida eta tirabira franko piztu zuen aurreko proposamenaren antzekoa da, baina orain ezdu deskontu britainiarra 2007tik aurrera automatikoki murriztea aurreikusten. Aurreko proposamenak zioen «deskontua murrizten» joango zirela «2007tik aurrera», baina barteko proposamenean esaldi hori kendu zuten. Haatik, 2013tik aurrera mekanismo horretan egin beharreko zeinahi moldaketa gastuaren eta nekazaritzako ordainketa zuzenen bilakaeraren araberakoa izango dela zehaztu zuten.

Talka, oso litekeena

Blairrek iragarri zuen deskontua gutxituz gero betoa jarriko diola, baldin eta EBren gastuaren berregituratze sakon baten testuinguruan egiten ez bada. Alegia, nekazaritzari ematen zaizkion laguntzak nabarmen murriztea galdegiten du Londresek, baina Frantzia, besteak beste, ez dago horretarako prest.

Frantziako lehen ministro Dominique de Villepinek atzo esan zuen inork ez duela NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa akordioa berriz planteatu behar goi bileran akordioa lortu ahal izateko. «Gure laborarientzat funtsezko lorpena da», esan zuen, eta 2002an estatu kide guztiek aho batez hitzartu eta itxitako auzia dela nabarmendu.Espainiako Gobernuak, bere aldetik, jakinarazi zuen prest dagoela NPBtik jasotzen dituen laguntzen gutxitze handi bat onartzeko, baldin eta Erresuma Batuak deskontu britainiarra handizki murriztea ontzat jotzen badu. Espainiako EBrako duen Estatu idazkari Alberto Navarrok Londresi gogorarazi zion deskontu britainiarra negoziatu zuten garaian dagoeneko ez direla existitzen. Gainera, hori onar dezala nahi du. «Margaret Thatcherrek deskontu britainiarra lortu zuenean EBko funts gehienak nekazaritzan inbertitzen ziren, eta Erresuma Batua gaur egun baino pobreagoa zen. Baina orain EBko hirugarren estaturik aberatsena da, nekazaritzako gastuek funtsen portzentaje ttikiagoa hartzen dute eta Londres eragingarriagoa da Nekazaritza Politika Bateratutik gehiago jasotzeko tenorean», esan zuen Navarrok.

Konstituzioa hozkailura?

Frantziaren eta Herbehereen ezezkoen ondoren EBko erakundeen lehen erreakzioa Ituna berresteko prozesuak aurrera segitzea ahalbidetzea izan bazen ere iritzia emateko geratzen ziren kideei aukera hori emateko, orain prozesua izozteko asmoa agertu dute. Ezezko boto gehiago saihestea da helburua, atzo Durao Barrosok «kutsadura efektua» gisa deskribatu zuena, alegia.

Iturri diplomatikoek zein EBkoek esan zuten goi bileran estatu kide bakoitzari prozesuaren egutegia mantentzea edo aldatzea ahalbidetuko diotela.

-

Funtsezko arloetako bi





'Deskontu britainiarra': Londresek 1984an lortutako deskontuari deitzen zaio. EBren aurrekontuetatik lortzen dituen diru funtsak dira, NPB Nekazaritza Politika Bateratutik beste herrialde batzuek baino onura gutxiago jasotzen duelako konpentsazio gisa. Orotara 4.700 milioi euro jasotzen ditu hala Londresek. Europako Batzordeak proposatu du 2007tik aurrera deskontua murrizteko eta 2013an osorik ezabatzea. Downing Street 25.000 eta 30.000 milioi euro artean jaso gabe geratuko litzateke orduan. Londresek proposamena errefusatu du.

Nekazaritza Politika Bateratua: EBren aurrekontuen %50 NPKra doa, hots, urtero ia 50.000 milioi euro. Estatu guztiek ez dute kopuru bera ematen; Frantzia (1.200 milioi inguru), Italia (1.100 milioi) eta Espainia (700 milioi) dira diru gehien jartzen dutenak.

-

EUROPAKO BATZORDEA



 

Frantziaren eta Herbehereen ezetzaren zioak





Frantziak eta Herbehereek Konstituzioari emandako ezetzaren irakurketa egin du Europako Batzordeak, estatu horietako erreferendumak egin eta gutxira Eurobarometroak eginiko inkestetan oinarrituta. Batzordearen arabera, bi estatuon errefusa ez da «Europarekiko ezetza bezala» ulertu behar. Hari jarraiki, Frantzian ezetzaren alde bozkatu zuten gehienek «arlo sozio-ekonomikoarekin lotutako arrazoiengatik» jokatu zuten horrela; Herbehereetan, aldiz, Itunaz herritarrek zuten informazio eza izan zen inkestatuek azaldutako motibo nagusia. Inkestok diotenez, Frantzian ezetz bozkatu zutenen %31k lan merkatuan Itunak izan zitzakeen eragin negatiboengatik hartu zuen erabaki hori; %26k lanaren eta ekonomiaren egungo egoeragatik; %19k testua «liberalegia» delako eta %16k aski soziala ez delako. Herbehereetan, berriz, %32k informazio gabezia argudiatu zuten ezetz bozkatzeko, eta %19k subiranotasun nazionala galtzeko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.