Bin Laden aurkitzen lagundu zuen sendagileari Pakistani traizioa egitea egotzi diote

CIArentzat lan egiteagatik, epaitu egin nahi dute; AEBek diote medikuak ez zuela saldukeriaz jokatu

2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Osama bin Laden Al-Qaedako buruzagi ohiaren hilketa ikertzen ari den Pakistango batzordeak AEBei hura aurkitzen lagundu zien Shakil Afridi medikua traizioagatik epaitzeko eskatu du. AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralarentzat lan egiteagatik herrialdearen aurka saldukeriaz jokatu zuela uste dute batzordeko kideek. Islamabaden eta Washingtonen arteko tentsioa are gehiago handitu du sendagilearen aferak; izan ere, AEBetako Defentsa idazkari Leon Panettak Afridik CIArentzat lan egin zuela onartu du, baina, traiziorik egin ez zuela dio. «Ez zuen Pakistanen aurka azpijanik egin», adierazi du, eta «terrorismoaren kontra» borrokatzen duen norbaiten aurka egitea akatsa dela nabarmendu du.

Afridik txertatze kanpaina bat egin zuen Abbottabaden, Bin Ladenen senideen odol laginak bildu eta hura hiri hartako etxe batean ezkutatuta zegoela baieztatzeko. Bin Laden hil eta denbora gutxira Pakistanek atxilotu egin zuen sendagilea. Zerbitzu sekretuen eskuetan dagoela jakinarazi dute, baina ez dute argitu non duten atxilotuta. Panettak, hain zuzen, sendagilea aske uzteko eskatu dio Islamabadi. «Oso kezkatuta nauka berarekin pakistandarrek zer egin duten ez jakiteak», adierazi du AEBetako Defentsa idazkariak.

Bestalde, Islamabaden aurka susmoak agertu ditu Panettak, beste behin, bi herrialdeen ezinikusia handituz. Pakistango agintarien artean «norbaitek zerbait» jakingo zuela esan du Panettak elkarrizketa batean, gobernuak Bin Laden non ezkutatzen zen bazekiela aditzera emanez. Adierazpen horiek Pakistanen sortu duten haserrea ikusirik AEBek Islamabaden duten enbaxadatik adierazi dute Panettak herrialdeko agintarien izen ona ez duela zalantzan jarri. Bin Ladenek herrialdean «nolabaiteko babesa» zuela esan nahi zuela esan dute gerora, giroa baretzeko.

Erasoa atzeratzeko eskaera

Joe Biden AEBetako presidenteordeak, berriz, Barack Obama presidenteari Bin Ladenen aurkako erasoa atzeratzeko eskatu ziola azaldu du. Erasoa egin baino aste batzuk lehenago sei lagunek soilik zekiten Al-Qaedako burua non zegoen, eta iazko apirilaren 28an, hura hil baino lau egun lehenago, segurtasunerako aholkulari taldea bildu zuen Obamak. Bidenek bilera hartan «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu ziola kontatu du, eta premiazko erasoa egitearen alde agertu zen bakarra Panetta izan zela. Biharamunean erasoa baimendu zuen AEBetako presidenteak.

Bin Ladenen hilketak bi herrialdeak etsaitu ditu, Islamabadek gogor kritikatu baitu AEBek bere lurretan egindako operazioaren berri aurrez ez ematea. Washingtonen arabera, baina, aurrez Bin Ladenen berri emanez gero operazioa «arriskuan» jarriko lukete. Gerora Washingtonek Pakistango Gobernuarekiko susmoa agertu izanak are tentsio gehiago eragin du bi herrialdeen artean, eta Islamabadek behin eta berriz ukatu du Bin Ladenen berri zuenik. Azaroan, berriz, NATOk Pakistango armadako 24 soldadu hil zituen aire erasoan. Orduan Pakistanek aliantzari Afganistanekiko muga ixtea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.