Navy Seal gorputz bereziko kidea zen Matt Bissonnette, eta Osama Bin Laden hiltzeko polizia operazioan parte hartu zuen. 2012an kaleratu zuen operazio hari buruzko No Easy Day liburua, Mark Owen gaitzizenarekin. Ez zion liburua argitaratzeko baimenik eskatu, ordea, Pentagonoari, eta halaxe aitortu du: "Nire betebeharrak urratu nituen". Orain, egindakoagatik ordaindu beharko du, liburuarekin irabazitako dirua Pentagonoari itzulita: 6,6 milioi dolar.
Nicole Navas Justizia Saileko bozeramaileak azpimarratu duenez, ez dute Bissonnetten ibilbide militarra zalantzan jarri nahi: "Gure kideek beren arauak betetzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu".
Bissonnettek beste liburu bat ere idatzi zuen No Hero: the Evolution of a Navy SEAL tituluarekin. Hura Pentagonoan aurkeztu zuen argitaratu aurretik, eta zati batzuk kenarazi egin zizkioten.