Bioaniztasuna babesteko konpromisoa hartu dute NBEko kideek

Bioaniztasunari buruzko nazioarteko konbentzioan lurraren %17 eta itsasoaren %10 zaintzea hitzartu dute

Erredakzioa
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Akordio bat lortu dute azkenean Bioaniztasunari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundeko konbentzioan, Nagoyan (Japonia). Biltzarrean parte hartu duten 193 herrialdeetako ordezkariek lurraren %17 eta itsasoaren %10 babesteko konpromisoa hartu dute. Hainbeste natur baliabide hemendik 2020ra bitartean jarri beharko dituzte zaintzapean. Horrez gain, baliabide genetikoetatik (ABS Access and Benefit-sharing, ingelesez) lortutako etekinak modu bidezkoan banatzeko protokoloa ere jarriko dute martxan. Lortutako akordioa, dena dela, ekologista askok lortu nahi zituzten helburuetatik urruti gelditu da: bioaniztasunaren galera gelditzeko konpromiso handiagoa espero zuten horiek.

NBEk emandako definizioaren arabera, baliabide genetikoa espezieek duten ondoretasunezko materia da, balio ekonomikoa, zientifikoa eta soziala duena. Baliabide genetikoak dituzte, besteak beste, Mexikoko indigenen lurraldeetan eta Amazonian dauden hainbat landarek eta mikroorganismok. Halako espezieak dituzten herrialdeek eskatzen dute baliabide genetiko horietara iristeko bideak arautzeko. Horrez gain, atzerriko enpresek horiek garatuz lortzen dituzten etekin ekonomikoak ere eurekin banatu beharko lituzketela uste dute.

Ez da denen gustukoa

Duela bi aste hasi zuten Nagoyan bioaniztasunari buruzko konferentzia. Eta azken momentura arte ez dute parte-hartzaileek akordiorik lortu. Baliabide genetikoen auziaz gain, finantzaketaren gaiak ere nabarmen zaildu du eztabaida. Ryu Matsumoto Japoniako Ingurumen ministroak ahaleginak egin ditu adostasun guneak lortzen. Akordioaren alde, hainbat herrialdek amore eman behar izan dute azkenean: Kubak eta Boliviak. Azken horren ustez, Nagoyn hitzartutako akordioak ez ditu «herrialde askoren eskaerak aintzat hartzen». WWF Naturarentzako Mundu Funtsako idazkari nagusiak uste du, aldiz, akordioak natura babesteko beharrari erantzuten diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.