Bioerregaien eta etanolaren inguruan Venezuelak eta Brasilek ikuspuntu ezberdina dute, eta horrek Latinoamerikako herriak zatiturik dauzka, eta haren inguruan hitzarmen bateratua lortzea izan da Latinoamerikako Energiaren I. Goi Bilerako punturik zailena. Lortu dute, hala ere, adostasun orokor bat; hala ere, ez dute zehaztu hitzarmenaren edukia. Goi bileraren amaierako dokumentuan bilduko dute hitzarmenak eman duena.
Latinoamerikako hainbat herrik begi onez ikusten duteAEBetako presidente George Bushek proposatzen duena: etanolaren erabilera bizkortzea. Brasilekin hitzarmen bat egin zuen martxoan horretarako, baina Venezuela oso kritikoa da erabaki horrekin. Etanola sortzeko, kanabera azukrea eta artoa erabili ohi dira, eta elikagaietarako lurretan produktu horiek lantzeak elikagairik gabe utziko lituzke herritarrak, Hugo Chavez Venezuelako presidentearen ustez.
HEGOALDEKO GASBIDEA. Kontraproposamen gisara, Venezuelak proiektu handinahi bat du esku artean, eta gainerako herrietako ordezkariek kontuan har dezaten nahi du. Venezuelak dituen gas naturaleko erreserbak baliatzea eta kontinente osora banatzea da egitasmoa.
Venezuelatik Patagoniaraino joango litzatekeen Hegoaldeko Gasbidea egitea dago proiektu horren barruan.Boliviak dituen petrolio hobien ustiaketa ere sartzen da planean; horregatik, Hugo Chavezen aliatu handiena Evo Morales Boliviako presidentea da.
Bioerregaiei buruz ados jarri dira Venezuelako goi bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu