Bizi guztiko kartzela zigorra jarri diote Grezian liskarretan gazte bat hil zuen poliziari

Alexis Grigoropulos 15 urteko gaztearen hilketak borrokaldiak eragin zituen, bi astez, 2008ko abenduan

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Alexis Grigoropulos 15 urteko gaztea hiltzeagatik errudun egin dute Epaminondas Korkoneas polizia, eta bizi osoko espetxe zigorrera kondenatu dute. Greziako Amfissako epaitegiak erabaki du «nahita egindako hilketa» izan zela. Vassilios Saraliotis poliziari, berriz, 10 urteko espetxe zigorra jarri diote konplize izateagatik. Espero zitekeen zigorrik gogorrena jasotzeak lasaitasuna eman dio gobernu sozialistari, 2008ko abenduan Atenasen adingabekoa hil ondoren sekulako liskarraldia zabaldu baitzen Grezia osora, lau hamarkadatan izan den gogorrena.

Grigoropulos Gobernuaren kontrako protesta batean parte hartzen ari zela hil zuten, eta haren heriotza ikur bilakatu zen gazteen artean. Gaztearen hilketaren eta egoera ekonomikoaren protestek bat egin, eta greba orokorrek, manifestazioek, borrokek, eta poliziarekin izandako liskarrek Grezian aspaldian izandako krisirik larriena eraginarazi zuten. Egoera bera errepikatu zen gainera urteurrenean, iazko abenduan, eta gobernua beldur zen erabakia ez bazen gazteen gustukoa berriz ere errepikatuko zirela gertaerak. Greziako Gobernua ez dago unerik onenean horrelako protestak jasateko.

Zazpi epaimahaikideetatik lauren botoei esker atera da zigor gogorrena aurrera. Beste hiruk, berriz, aldez aurretik pentsatutakoa ez dela argudiatu-eta nahi izan diote zigorra gutxitu. Erabakia senideek nahi zutena izan da. Haren abokatu Andreas Constantinouren arabera, «Familia oso pozik dago epaiketaren prozesua nola bukatu den ikusita. Justizia egin da». Korkoneasi Exarchiako Rambo ezizena jarri dio familiak, egun hartan izan zuen jarreraz gain, epaiketan sekulako harrotasuna erakutsi duelako, eta familiari iseka egin diolako.

Hiru tiro

Bederatzi hilabete iraun du prozesuak, eta frogatzera atera dira Korkoneasek hiru tiro egin zituela. Garai hartan egunero izaten ziren protestak gobernuaren kontra, baina egun hartakoa bereziki izan zen gogorra.

Poliziaren abokatuak esan duenez, ohartarazteko tiroak izan ziren, eta autopsia erabili du esateko errebotez iritsitako bala batek hil zuela gaztea. Lekukoek, berriz, armaz seinalatu zuela baieztatu dute, eta propio egin ziola tiro. Epaiketan, urtarrilean, Grigoropulosen ama Giunba Tsakilianek deklaratu zuen defentsaren bi abokatuak «itxura onaren azpian munstroak» zirela, «egia manipulatzen bikainak». Izan ere, gazteak izaera bortitza zuela erakutsi nahian aritu dira, arazoetan sartzeko abilezia berezia zuela. Constantinou abokatuak aipatu duenez, erabakiak ez du gaztea itzularaziko, «baina behintzat bere izen ona gordeko da, zikintzen saiatu badira ere».

Epaiketa Atenastik Amfissara eraman zuten, hiriburutik 200 kilometrora, defentsaren abokatuak hiltzeko anarkisten talde batek egin zuen mehatxuagatik.Atenasko Exarchia auzoa anarkista taldeen eremua da, eta Poliziarekin borrokak etengabeak izaten dira. Hango erakundeen bozeramaile Manos Koufouglouk jakinaren gainean jarri nahi izan du «onargarria» dela eurentzat epaileen erabakia. Tentsioa gutxitu den arren Korkoneas kide zen Polizia unitate bereziak desegin eta Poliziaren egitura aldatu beharra aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.