Kolonbia

Bizi osorako kartzela zigorra adingabeak hil edo bortxatzen dituztenentzat

Kolonbiako Kongresuak eta Senatuak dagoeneko onartu dute neurria; orain Ivan Duque presidenteak berretsi behar du.

Emakume bat haur bat besoetan duela. BIENVENIDO VELASCO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 19a
09:44
Entzun

Aldeko 73 botorekin eta aurkako botorik gabe onartu zuten atzo Kolonbiako Senatuan adingabeen aurkako sexu erasoak eta hilketak bizi osorako kartzelarekin zigortzeko proposamena. Lege proiektuak Kongresuaren onespena jasoa zuen aurrez, eta orain Ivan Duque presidenteak berrestea soilik geratzen da. Hark, baina, dagoeneko iragarri du bat datorrela egitasmoarekin: «Gaur indarkeriaren biktima izan diren adingabeak ditugu gogoan, eta herri gisa egiten diogu aurre egoerari, mezu argi bat helarazita».

Neurriak ez zuen jaso kontrako botorik, baina 30 senatarik uko egin zioten eztabaidan parte hartzeari, egitasmoari elektorala iritzita. Batasun Nazionaleko senatari Eloy Barrerasek salatu egin zuen proiektuari jarritako helegitea tramitatzeko modua; izan ere, normalean ez bezala, helegitea jarri eta egun berean atzera bota zuen Etika Batzordeko presidenteak berak, idatzia batzordearen barruan eztabaidatu gabe.

«Gaur konstituzioa urratu dute, baliogabeko eta bermerik gabeko Kongresu birtual baten bitartez. Kolonbiako herritarren oinarrizko eskubideak arriskuan daude», salatu zuen Barrerasek sare sozialetan. Proposamen horrekin botoak irabazi nahi izatea egotzi dio oposizioak Duqueri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.