Kanputxea

Bizi osorako kartzela zigorra Khmer Gorrietako bi bururi

Erregimen maoistak 1,7 milioi pertsona hil zituen Kanputxean, 1975 eta 1979 bitartean.

Khmer gorrietako bi buruzagiak, epaitegian. MAK REMISSA / EFE
2014ko abuztuaren 7a
12:08
Entzun

"Alderdiaren asmoek eta politikek bultzatutako eraso orokor eta sistematikoaren biktima izan ziren milioika pertsona", salatu du Nil Nonn epaileak sententzian. Epaileak errudun jo ditu 88 urteko Nuon Chea eta 83ko Khieu Samphan, eta besteak beste, gizateriaren aurkako krimenak, hilketa, desagertze eta jazarpen politikoaren erantzule egin ditu.

Buruzagi ohien aurkako epaiketaren lehen fase honetan Phnom Penh hiriburutik indarrez bidali eta lan esparruetara sartutako milaka herritarren auzia eta soldadu errepublikanoen hilketak aztertu ditu auzitegiak. "Bi milioi pertsona inguru eraman zituzten indarrez Phnom Penhetik. Gezurrak esanez batzuk eta, indarrez edo mehatxuen bidez besteak", nabarmendu du epaileak eta elkarrekin bultzatutako "helburu kriminalen erantzule" egin ditu bi buruzagiak.

Defentsa ahalegindu da sinestarazten AEBen bonbardaketen arriskuagatik eta janari nahikorik ez zegoelako hutsarazi zuela erregimenak hiria. Ez du, ordea, epailea konbentzitzerik lortu. Dena den, helegitea aurkeztuko dutela iragarri du defentsak, eta zalantzan jarri du epaileen "zintzotasuna". Nuon Chea eta Khiei Samphanen abokatuen iritziz, sententzia "neurrigabea" eta "bidegabea" da. "Ez dago leporatzen zaizkien ekintzetan parte hartu zutela frogatzen duen ezer".

Lehenaldiko zauria

1975etik 1979ra bitartean, Kanputxean erregimen maoista bat indarkeriaren bidez ezartzen saiatu ziren Khmer Gorriak, eta bidean bi milioi hildako eragin zituzten, herrialdeko populazioaren laurdena. Lau urtean, hiriak hustu eta biztanleria landan bizitzera behartu zuten, «hiriko kultura eta bizimodua» behin betiko desagertzeko. Kapitalismoaren aurkako gerran dirua, autoak eta jabetza pribatua egun batetik bestera lurperatu, eta Kanputxea estatu hermetiko bilakatu zuten. Hori gutxi balitz bezala, betaurrekoak zeramatzaten, atzerriko hizkuntza bat zekiten edo goi mailako ikasketaren bat zuten pertsonak berreziketa guneetara eraman zituzten; beste asko hil egin zituzten zuzenean.

Nazio Batuen Erakundeak eta Phnom Penheko gobernuak elkarlanean sortutako ez ohiko auzitegiak orain zortzi urte ekin zion lanari, Khmer Gorrien sarraskiko biktimei justizia ziurtatzeko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.