Datu bat: 1995ean AEBetako Gobernuak 910 milioi dolar bideratu zituen muga zaintzera, eta 61 pertsona hil ziren; iaz, 5.000 milioi dolar inbertitu zituzten eta, iturri ofizialen arabera, 500 etorkin hil ziren. Bushek ez du iragarri zenbat milioi dolar bideratuko dituzten aurten «kontrol neurrietara».
Legebiltzarrerako hauteskundeak gainean dituzte Estatu Batuetan eta kontuan hartuta herritarren gehiengoak immigrazioa arazo gisa ikusten duela, ulertzekoa da Bushek haien sostengua lortu nahi izatea.
Mugaren beste aldean kezkak eragin ditu erabakiak. Giza eskubideen aldeko erakundeak bat datoz esaterakoan segurtasun neurriak gogortzeak gehiegikerien arriskua handitzen duela. Ez da ahaztu behar mugara bidaliko dituzten horietako batzuk Iraken egonak direla, eta besteak, berriz, gerrara joateko trebatuak izan direla. «Militarrak mugara bidaliz, giza eskubideen urraketak ugaritu egingo dira. Militarrak ez daude immigrazio legeak betetzeko trebatuta. Gerrarako daude prestatuta, ez honetarako», salatu du Michele Waslimek, mexikarren eskubideez arduratzen den Arrazaren Kontseilu Nazionaleko zuzendariak. Erabakia legez kontrakoa dela nabarmendu du Eric Gutierrez abokatuak. Azaldu duenez,Poliziarenak diren lanak militarrak egitea debekatzen duen lege bat onartu zuen Washingtonek 1878an.
LANIK OKERRENAK ETORKINENTZAT. Dokumenturik ez dutenez, ezin dituzte beren lan baldintzak hobetu, ezta osasun aseguruak lortu ere. Estatubatuarrek egingo ez lituzketen lanak egiten dituzte, askoz ere soldata baxuagoaren truke. Hala ere, bertakoei lanpostuak kentzea leporatzen diete estatubatuarrek. George Borjas ekonomialariaren arabera, 1980 eta 2000. urteen artean, ikasketak utzi eta lanean hasi direnen irabaziek %7,4 egin dute behera immigrazioaren eraginez, enpresek eskulan merkea dutenez, gutxiago ordaintzen dutelako. Aldiz, David Card ekonomialariaren ustez, immigrazioak ez du horretan zerikusirik.
Immigrazioa begi onez ikusten dutenen arabera, etorkinak onuragarriak dira AEBetako ekonomiarentzat, zergak ordaintzen dituztelako eta, erretiratzean beren herrialdeetara itzultzen direnez, ez dituztelako gizarte segurantzaren onurak baliatzen. Horretaz gain, merkatuaren beharrak asetzen dituzte, bestela nola azaldu AEBetara iristen diren immigrante gehienek lana lortzea?
Dena den, asko dira oraindik immigrazioaren aurka daudenak, eta neurri gogorragoak eskatzen dituztenak. Tartean Minuteman Proiektua-ren sortzaileak. Horiek boluntarioak errekrutatzen dituzte «muga patruilatzeko». Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek xenofobia bultzatzea leporatu diete. Baina egitasmoaren bultzatzaileen arabera, boluntarioek «legea betearazi» besterik ez dute egiten. Agintarien artean ere badira neurri gogorragoen aldekoak, esaterako Tom Tancredo kongresukide errepublikanoa. Haren iritziz, AEBen immigrazio politika «malguegia» da.
AEBek immigrazio legean aldaketarik iragarri ez dutelako kezkatuta agertu da Mexikoko Gobernua
Paperik gabeko etorkinen egoerari irtenbidea aurkitzeko eskatu dio Mexikok Washingtonia. e.Mexikoko Gobernua kezkatuta dago. AEBetako presidente George Bushek Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugara Guardia Nazionaleko 6.000 kide bidaliko dituela iragarri du. Baina hori ez da nahikoa Vicente Fox presidentearen gobernuarentzat, Washingtonek alde batera utzi duelako beharrezkoena: Immigrazio Legea aldatzea. Hala ere, Foxen eledun Ruben Aguilarrek nabarmendu du mugara Guardia Nazionalekomilaka kide bidaltzea ez dela muga militarizatzea, ezta AEBen immigrazio politika gogortzea ere: «AEBek bermatu dio Mexikori neurriek ez dutela esan nahi muga militarizatuko dutela».
Mexikoko kantziler Luis Ernesto Derbezek ohartarazi du, ordea, Guardia Nazionalak paperik gabekoak atxilotzen baditu, epaitegietara joko duela. Haren iritziz, Bushen erabakia ez da etsaitasunezkoa. AEBetako Mexikoko enbaxadore izandako Jorge Montaño ez dator bat berarekin, eta salatu du erabakia Mexikoren kontrakoa izan dela, eta muga militarizatzea dela Washingtonen xedea.
LEGEA ALDATU BEHARRA.Immigrazioa kontrolatzeko eta etorkinen joan etorria errazteko balioko duen legea nahi du Mexikok. Aguilarrek AEBetako Senatuarengan jarridu itxaropena, han ari direlako Immigrazio Legea eztabaidatzen, eta azken proposamena onartuz gero, AEBetan bizi diren 12 milioi etorkinetatik askok paperak lortuko dituztelako. «Ditugun baliabide politiko eta diplomatiko guztiak erabiliko ditugu erreforma erabatekoa izan dadin», adierazi du Foxen eledunak. Haren iritziz, etorkinen egoera hobetuta errazagoa izango da droga trafikoa eta bestelako delituak kontrolatzea.
Hauek dira Mexikoko Gobernuak AEBetako Immigrazio Legeari eskatzen dizkionak: epe baterako lana duten etorkinen egoera berritzea; paperik gabeko etorkinen egoerari irtenbidea aurkitzea; eta mugan segurtasun neurri egokiak jartzea.