Josef Scheungraber 90 urteko Alemaniako naziari biziarteko zigorra jarri dio Munichko auzitegiak, Bigarren Mundu Gerran hamalau zibil hiltzea egotzita. 1944ean Toscanan, lau zibil fusilatzea eta eraikin bat lehertzean hamar lagun hiltzea leporatzen diote.
Scheungraberrek epaiketa prozesu guztian errugabea dela adierazi du eta bere abokatuek baldintzarik gabeko askatasuna eskatu dute. Hala ere, Alemaniako Justiziak bere zigorrik gogorrena jarri dio, biziarteko zigorra.
John Demjanjuk nazia ere epaituko dute
89 urteko John Demjanjuk Alemaniako nazia epaitu dezakete udazkenean Munichen. Soriborreko (Polonia) deuseztatze esparruko zaintzaileetako bat izan zela pentsatzen dute eta 27.900 judutarren heriotzan konplize izatea leporatzen diote.
Pasa den maiatzean iritsi zen Alemaniara Demjanjuk, Ameriketako Estatu Batuek estraditatu eta gero. Ordutik Munichko kartzelan dago eta bertako sendagileen arabera, epaiketa bati aurre egiteko "gai" da.
Aurretik, 1988an Israelen epaitu zuten. Treblinkako (Polonia) kontzentrazio esparruan, 800.000 judutarren hilketan konplizitatea izatea egotzi zioten baina Israeleko Auzitegiak zigorra ezeztatu zuen bere aurka froga nahikoa ez zegoela ulertuta.
Mundua
Biziarteko espetxe zigorra ezarri diote nazi bati, Bigarren Mundu Gerran zibilak hiltzea egotzita
Josef Scheungraber 90 urteko gizonari hamalau lagun hiltzea leporatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu