Bizilagunen jarrera

Erredakzioa
2004ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
uropako Batasuneko estatu kideen artean ez dago erabateko kontsentsurik Turkiaren bat egitearen inguruan. Agintari gehienak ados daude, baina iritzi publikoak kezka handiak ditu. Ankara onartzeko argudioen artean, ondokoak dira nagusiak: haren demokratizazioa lagunduko lukeela eta beste herrialde musulmanentzat eredugarria izango litzatekeela. Kontra daudenek diote etorkin uholdea eragingo duela, beldur dira EBko erabaki esparruan izango duen eraginaz (biztanle kopuruan estatu handien artean bigarren izango litzateke), ekonomiaren egoeraz eta Europan islama indartzeaz, nahiz Turkia laikoa den.

-alemania: Alemaniako Gobernua negoziazioak hastearen aldekoa da. Oposizioa aldiz bat egitea trabatzen saiatu da, Turkiatik etorkin uholde bat iritsiko litzatekeelakoan. Azkenean, ordea, CDU Alderdi Kristau Demokratak proposatu du Turkiak EBrekin «harreman bereziak» edukitzea. Legebiltzarrak negoziazioak hastea erabaki zuen atzo, Gobernu gorri-berdearen botoekin; oposizio liberal-kontserbadoreak aurka bozkatu zuen. Joschka Fischer Atzerri ministro berdeak argudiatu zuenez, Turkiaren bat-egitea babestu behar da demokratizazioa lagundu eta beste herrialde musulmanentzat eredu izan dadin.

-erresuma batua: Turkiaren bat egitea sendoen babestu duen estatu kideetako bat da. Tony Blair lehen ministroak negoziazioak lehenbailehen hastea eskatu du. AEBen jarrera bera du, beraz.

-italia: Silvio Berlusconik negoziazioak lehenbailehen hastea nahi du. Koalizio gobernuko kide Lega Nordek eskuin muturra, aldiz, erreferenduma eskatu du.

-grezia: Turkia EBn sartzearen alde egin du, horrela Ankarak Zipreko Errepublika onartuko duelakoan.

-frantzia: Frantziako presidente Jacques Chiracek negoziazioak babestu zituen herenegun, telebista publikoan egindako agerraldi batean. Alabaina, negoziazioak 2005eko bukaeran edo 2006an hastea nahi du. Izan ere, Frantziak bere konstituzioa erreformatuko du datorren urtarrilean, EBko Konstituzioari buruzko erreferenduma egin ahal izateko. Erreferendum hori udaberrian deitzekotan da Paris, eta ez du nahi herritarrek Ankararen bat egitearen aurrean erakutsitako aurkakotasunak eraginik izatea EBko Konstituzioari buruzko erreferendumean. Iritzi publikoaren babesa handitzeko, Turkiari armeniarren genozidioa onartzeko eskatu dio. Gainera, EBri eskatu dio Turkiak baldintzak betetzen ez baditu ez onartzeko kide gisa, nahiz eta negoziazioak hasita egon.

-herbehereak: Herbeheretarrak kezkak adierazten hasi dira kultura aniztasunari buruz eta islama indartzearen beldur dira. Amsterdam dago, dena den, EBren txandakako lehendakaritzan eta Jan Peter Balkenendek esan du ez dela onargarria izango Ankarari estatu kide izatea eragoztea.

-austria: Alemaniako oposizioak bezala, Turkiarekin harreman akordio berezi bat sinatzearen alde egin du, estatu kide gisa onartu beharrean. Etorkin uholde bat izatearen eta kultur nahasketaren beldur da. Hala ere, ez da espero betorik jartzea.

-zipre: Ankarari ohartarazi dio lehenengo Zipreko Errepublika uhartearen hegoaldea, zati greziarra onartu beharko duela, Nikosiak bat egitea onartzeko. Zipreko gatazka NBEren bidez konpondu behar dela erantzun dio Turkiak aste honetan eta uko egin dio baldintza hori betetzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.