GIZA GARAPENAREN INGURUKO TXOSTENA

Bizimodu hobearen bila

arantxa elizegi egilegor
DONOSTIA
2003ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Pobrezia, gosea, hiesa, malaria, analfabetismoa, zorrak. Horiek dira herrialde txiroenetan bizi direnek egunero gainditu behar izaten dituzten arazoetako batzuk. Herrialde aberatsetakoen arazo nagusia, berriz, oporretara nora joan erabakitzea da. Horregatik, desberdintasun horiek gutxitzeko, NBE Nazio Batuek 2015erako bete beharreko zenbait puntu ezarri dituzte aurtengo txostenean.

Pobrezia eta gosea: Egunean euro bat inguru irabazten duten pertsona kopurua erdira murriztu beharko litzateke. Horrekin batera, beharrezkoa litzateke gosea asetzeko baliabiderik ez dutenen kopurua ere erdira murriztea. Ez da ahaztu behar, 1.000 milioi inguru direla oraindik egunean euro bat inguru irabaziz bizi direnak. NBEk aurten kaleratutako Giza Garapenaren Inguruko Txostenean jasotzen duenez, horietako askok edateko ura lortzeko eta osasun zerbitzuak eskuratzeko aukerarik ere ez dute. Munduko biztanleen %15 Ð800 milioi pertsona inguruÐ gosez bizi dira eta ez daukate janaria eskuratzeko baliabiderik. NBEko kideak kopuru hori erdira murrizteko ahaleginetan ari diren arren, datozen bi urteotan gauzak asko aldatu ezean, Asiako eta Sahara hegoaldeko herrialdeetako egoerak okerragora egingo du.

Hezkuntza: Haurrak oinarrizko hezkuntza normal jasotzeko eskubidea bermatu behar da herrialde txiroetan eta aberatsetan. Gaur egun, mundu osoko datuak kontuan hartuz, bost haurretatik batek ezin izaten ditu ikasketak amaitu. Saharaz hegoaldeko herrialdeetan bizi diren hiru haurretatik batek soilik amaitu ahal izaten ditu oinarrizko ikasketak. Asia hegoaldeko datuak ere oso antzekoak dira, lau haurretatik batek ez baitu ikasteko aukerarik izaten normalean.

Gizon eta emakumeen eskubideak: Gizon eta emakumeen hezkuntzan dauden desberditasunak amaitu beharko lirateke, ahal izanez gero bi urteko epean, eta era berean emakumeen independentzia bermatzeko lan egin beharko litzateke. Ez da ahaztu behar Asia eta Afrikako zenbait herrialdetan emakumeek ez dutela hezkuntza eskubiderik, gizonei bakarrik eskaintzen zaiela. Gizarte horietan emakumea erabat bazterturik egoteaz gain, bere bizia gizonaren menpe dago.

Haurren hilkortasuna: Bost urte baino gutxiago dituzten haurren hilkortasun tasa bi heren gutxitu nahi dute NBEko kideek. Asia hegoaldean, adibidez, haurren %10 bost urte bete baino lehen hiltzen dira osasun baldintza eskasak direla eta. Bestalde, hilkortasun tasa jaisteko neurri gehiago hartu ezean, 2.200 urtera arte ez da ezer aldatuko Europa erdialdean eta ekialdean.
 

Amen osasuna: Minutu bakoitzeko emakume bat hiltzen da haurra izaterakoan. Saharaz hegoaldeko Afrikako emakumeek haurra edukitzerakoan hiltzeko 100 aldiz arrisku handiagoa daukate, Europa mendebaldean bizi direnek baino. Ondorioz, NBEk emakume horien osasun baldintzak hobetu eta 2015erako amen hilkortasun tasa hiru laurden gutxitu nahi du.
 

Gaixotasun larriak: Hiesa, malaria eta bestelako gaixotasunak gutxitzeko ahaleginak egin behar direla nabarmendu du NBEk bere azken txostenean. Era berean, herrialde txiroenek botikak eskuratzeko erraztasunak izan ditzaten lan egin beharko litzatekeela ere gogoratu du. Iaz 14 milioi haur inguruk euren gurasoetako bat edo biak galdu zituzten hiesaren eraginez. 2010erako kopuru hori bikoiztu egin daitekeela iragarri du NBEk.

Ingurumena: Garapen jasangarriaren oinarriak kontuan hartu beharko lirateke ingurumenari eragin diezaioketen erabaki politikoak hartzeko eta baliabide naturalak era egokian kudeatu beharko lirateke. Era berean, edateko ura eskuratu ezin dutenen kopurua erdira murriztu beharko litzateke, eta txaboletan bizi diren milioika lagun horien bizi-baldintzak hobetzeko ahaleginak ere egin beharko lirateke.
 

Garapen bidean dauden herrialdeak: Herrialde aurreratuek garapen bidean daudenei ateak ireki eta azken horien zorrak gutxitu beharko dituzte. Lurralde bakoitzak bere pobrezia murrizteko ahaleginak egin beharko ditu, nazioartearen laguntzarekin. Herrialde garatuen laguntzarekin, lurralde pobreagoetan bizi direnei lan munduan barneratzen lagundu behar zaie. Era berean, teknologia berrien abantailak denek eskura izan ditzaten lan egin beharko du nazioarteak, komunikaziorako erabiltzen den teknologia gutxi batzuen esku gera ez dadin. Horretarako, beharrezkoa litzateke enpresa pribatuen eta publikoen arteko elkarlana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.