Omar Nur Gutale. Somaliako kazetaria

«Bizirik irauteko ihes egitea beste irtenbiderik ez nuen»

Oskar Epelde Juldain.
Kampala
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Somaliatik azken urteetan ihes egin duten milaka lagunetako bat da Omar Nur Gutale (Muqdisho, 1968). GBC Bakearen Ahotsa telebistako zuzendaria zen, eta, mehatxuak tarteko, heriotza seguru batetik egin zuen ihes duela hiru urte. Matxinoen telefono dei bat jaso zuen trantsizioko gobernuaren inguruan albisterik ez argitaratzeko ohartaraziz; bestela akabatu egingo zuten. Biharamunean, lagun kazetari bat hil zuten, eta hiletatik itzultzen ari zenean bonba bat leherrarazi zuten haren autoaren aldamenean, beste kazetari bat hilez. Ehun egunez egon zen ezkutatuta bulegoan, alde egitea lortu zuen arte. «Lagun ugari ikusi ditut gorpua odolez zutela; bizirik irauteko ihes egitea beste irtenbiderik ez nuen».

Ugandako hiriburuan dago orduz geroztik; Kampalan 10.000 somaliar bizi da egun errefuxiatuta, tartean hamabost kazetari. Giseny auzoan babestu dira gehienak, eta ziberkafe baten gainean dagoen gela ziztrin batean bizi da. Muqdishon daude haren emaztea eta bost seme-alabak. «Ugandan ez dago lanik, eta jaioterrian ez dago bakerik, nola biziko gara horrela?».

Internet, komunikazio iturri

Internetez jarraitzen du sorterrian gertatzen dena. Borrokak egunero izaten direla, milizianoek irratian musika jartzea debekatu dutela eta, ekainaz geroztik, gizonak bizarra eramatera behartuta daudela. Gatazkaren muinean, baina, ez du uste islama dagoenik. «Al Shabab miliziako kideek diruagatik egiten dute borroka, trantsizioko gobernuko soldaduek baino dezente gehiago irabazten dute eta». Gaur egun, herrialdearen hegoaldea eta erdialdea dute kontrolpean miliziek, eta gero eta gehiago hedatzen ari dira, baita hiriburuan ere. «Ez litzateke zaila izango nazioarteko parte-hartze bat muturreko islamistei aurre egiteko; azken batean, hau pelikula baten modukoa da, eta protagonista, gatazka bera, bizirik mantendu beharra dago filma amaituko ez bada». Haren ustez, nazioartean interes talka bat dago herrialdea kontrolatzeko, eta horregatik ez dira bat etortzen gatazkari benetako irtenbidea emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.