Munduan giza hondamendi latzenetakoa jasaten ari dira XXI. mendearen hastapenean Darfurko herritarrak. Sudango Gobernuaren eta ekintzaileen arteko bost urteko gerraren erruz Nazio Batuen Erakundeko kideek zailtasun handiak dituzte sei milioi herritarreko populazioaren gosea asetzeko, eta giza laguntza erdira murriztu beharko dutela ohartarazi berri dute. Horrela, areago larrituko da haurren elikadura urritasuna eta etengabeko heriotza kiribila. Horrez gain, Sudango Gobernuak Darfurko etnia beltzen aurka hasi zuen genozidioaren biktima nagusia emakumea da. Diktadura islamistak sostengatzen duen janjauid talde paramilitar arabiarrak herriak erre eta emakumeak bortxatzen ditu. Amnesty Internationalen arabera, ez da hezi gabeko tropen ekimen deitoragarri hutsa, gerra arma krudela da gizartea makurrarazteko asmoz.
NBEk Segurtasun Kontseiluan plazaratu berri duen hausnarketa aintzat hartuta, duela bost urte gerra hasi zenetik egoerak okerrera egin du. NBEren Segurtasun Kontseilua 2004ko udaberrian gerraz arduratu zenetik sei aldiz biderkatu da giza hondamendiak jotako pertsonen kopurua. 2,45 milioi desplazatu inguru daude, eta 260.000 lagunek alboko herrialdeetara ihes egin dute. Ikerketa batek 2006 bitartean 200.000 pertsona zendu zirela azaldu zuen. John Holmes NBEren Giza Laguntzarako idazkari nagusi ordeak dio 300.000 heriotzetara hazi dela kopurua, estrapolazio logikoa eginez, hau da, indarkeriaren biktima zuzenak eta gatazka egoerak eragindakoak aintzat hartuta: malnutrizioa, desplazatuak eta gaixotasunak. Gobernuaren arabera, ordea, 10.000 pertsona baino gutxiago hil dira.
«Tristuraz eta haserrez beteta nago gatazka hasi zenetik bost urte pasa ostean irtenbide iraunkorra topatu ez dugulako». Holmes Sudango Gobernuari eta ekintzaileei zuzendu zaie giza hondamendia amai dezaten. Batetik, zibilen eta nazioarteko laguntzaileen segurtasuna bermatzeko eskatu dio Gobernuari, «eta behingoz Janjauid talde guztiak desegiteko eta krimenen erantzuleak harrapatzeko». Bestalde, ekintzaileei eskatu die zibilen bizitzak arriskuan jartzeari uzteko. Halaber, NBEren ibilgailuen aurkako erasoak gelditzeko, eta giza oinarriak errespetatzeko galdegin die Darfurko talde armatuei. NBEko arduradunaren hitzetan, 14.700 pertsona daudeDarfurren giza laguntza banatzeko, eta indarkeria ekintzak pairatu behar izan dituzte sarritan. Urtea hasi denetik sei langile hil dituzte.
Darfurko herritarrek behar duten elikagaien erdia bakarrik banatzen du MEP Munduko Elikagai Bankuak bidelapurreten erruagatik. Areago, banakakoentzat hileroko anoak murriztu egin beharko ditu erasoen erruz, laboreak, aletarako lekadunak eta azukrea erdira murriztuz. Dena den, Sudan hegoaldean eta Darfurren mantenduko dituzte bost urtetik beherako haurrentzat elikagai emariak, malnutrizio tasa handienak hangoak baitira. Errefuxiatu guneetan bizi direnen bazterketaz ohartarazi duHolmesek eta militarizazio arriskuaz. 2003 urtean gerra hasi zenetik gainezka daude. «Denbora igaro ahala nekezagoa izango da egoera normalera itzuli ahal izatea».
MLS Sudan Askatzeko Mugimenduaren alderdi batek Gobernuarekin bake akordioa hitzartu zuen Nigerian 2006 urtean, bainaborrokek jarraitu egin zuten. MLSko beste alderdiak eta MJE Justizia eta Berdintasun Mugimenduak akordioa baztertu zuten. Darfurko baliabide urrien kontrola lortzeko lehiak eragin du hein handi batean borroka, eta etnia beltzen genozidioa.Demografia hazkundeak eta azken urteotako klimaren baldintza txarrek nekazaritzan oinarritutako herrialdea zartatu dute eta ezberdintasunak areagotu. Sudan hegoaldea eta iparraldea etsaitu zituen gerra amaitzear zenean piztu zen Darfurren gatazka 2003an.
ETNIA BELTZEN JAZARPENA. Etnia beltzetako kideek, hots, fur eta masalit komunitateek, diktadura islamistak eurak diskriminatzen zituela salatu zuten herrialdeko arabiar gehiengoaren ongizaterako. Orduan, Gobernuak janjauid talde paramilitar arabiarra sendotu eta etnia beltzen aurkako genozidioa hasi zuen.Herriak kiskali, emakumeak bortxatu eta milaka desplazatu eragin dituzte. Aurten 100.000 gehiago dira jada, eta Mendebaldeko Darfurren bortxaketak areagotu direla salatu du NBEk.
Bitartean, bazkalekuen kontrola lortzeko lehiak 95 hildako eragin zituen joan den hastean Sudan hegoaldean. Batasun nazionaleko gobernua eta hegoaldearentzatautonomia eta erreferendumerako bidea ezarri zituen 2005eko bake hitzarmenak.Herritarrek etekin handia atera ahal diote bakeari, ereiteko lur zabalak, urrea, petrolioa eta kotoia baitaude Sudanen. Darfurko gatazkaren iraupenak giza krisia betikotu dezake, ordea.
Bizirik irauteko lehiak
Bost urtean 300.000 mila lagun inguru hil dira Darfurren Nazio Batuen Erakundearen arabera. Sudango Gobernuak etnia beltzak jazartzen ditu, eta gerrak zaildu egiten du giza laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu