Bizitza osoa presidente izateko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Jose Serrak (Sao Paulo, 1942) bizitza osoa presidente izateko lanean egin duela esaten du, bere ametsa ez lortzeko aukera asko dituen arren. Hau du azken aukera, besterik ez baitiote emango alderdian. Politikari garden eta justuaren irudia ematen du; gobernuaren ustezko ustelkeria du aliaturik onena bozak irabazteko, baina Brasilgo enpresari kontserbadoreen aldeko jarrerak pobreen babesa kendu dio.

«Brasilgo estatu kolpetik bizirik iraun dut, baita Txilekotik ere», nabarmendu izan du alde ezkertiarrena ateratzerakoan. Oposizioak eskuin neoliberalaren parte gisa aurkeztu du, eta Sebastian Piñera Txileko presidente eskuindarraren gertukoa izatea ere kritikatu diote.

Militantzia politikoa duela hogei urte hasi zuen, Eliza katolikoari lotutako AP ezkerreko taldea sortzen lagundu zuenean, eta 1964ko Joan Goularten diktadurarekin erbesteratu behar izan zuen. Txilen amaitu zituen ekonomia ikasketak, baina handik ere alde egin behar izan zuen 1973an, Augusto Pinocheten etorrerarekin. Brasilera 1977an itzuli zen, eta 1986an Legebiltzarrean eserleku bat lortu zuen PMDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiarekin; baina bi urte geroaro utzi egin zuen desadostasunengatik, eta alderdia utzitako beste batzuekin sortu zuen PSDB sozialdemokraten alderdia.

Cardoso presidentearekin lan egin zuen 1999an, baina publikoki kritikatu zuen haren ekonomia politika zorrotza. Gobernua utzi, eta Sao Pauloko alkatetzarako aurkeztu zen, baina galdu eta gobernura itzuli zen. Osasun Ministerioan egindako lanari esker ospe handia lortu zuen, baina ezin izan zion irabazi Lulari presidentetzarako bozetan. 2006an Sao Paulo Brasilgo estaturik boteretsuneko gobernadore egin zuten, eta joan den maiatzean utzi zuen kargua, abentura berrirako.A.M.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.