Irakeko gerra

Blackwaterreko mertzenario bati bizi guztirako zigorra ezarri diote, Iraken zibilak hiltzea egotzita

2007ko irailean hamalau lagun hil zituzten Bagdadeko Nisur plazan. Beste hiru prozesatuei 30na urteko kartzela zigorra ezarri diete.

2015eko apirilaren 14a
19:25
Entzun

AEBetako epaile federal batek Blacwater segurtasun enpresako lau mertzenario zigortu ditu. Bizi osoko kartzela zigorra ezarri dio bati, eta 30na urteko kartzela zigorra beste hiru prozesatuei. Bagdadeko Nisur plazan 2007ko irailean egindako erasoaren harira zigortu dituzte. AEBetako Blackwater enpresako mertzenarioek hamalau zibil hil eta hemezortzi zauritu zituzten tiroz, eraso hartan. Lehen tiroak egitea egozten diote zigorrik gogorrena jaso duenari, homizidioa beste hirurei.

Beste epaimahai batek ere zigortu zituen joan den urrian, eta auzipetuen abokatuek helegitea aurkeztu zuten epaiaren aurka. Azkenean, ordea, erruduntzat jo dituzte.

Mertzenarioek hasiera-hasieratik argudiatu zuten erasopean zeudela, eta erantzun egin zutela. Biktima zibilak «zehar kalteak» izan zirela erran zuten. Irakeko eta AEBetako gobernuek ikerketa bat abiarazi zuten, eta «nahi gabeko homizidioa» egotzi zieten bortz mertzenariori. 2009an, ordea, AEBetako auzitegi batek inputazioak ezetsi zituen. 2011n ikerketa berriz abiarazi zuten, eta 33 kargu egotzi zizkieten lau mertzenariori, horietan larrienak «asmoz haraindiko homizidioa», «homizidioa egiteko asmoa» eta «indarkeriazko krimen batean suzko armen erabilera».

Irakeko Gobernuak 2009an kanporatu zuen Blackwater. Enpresak Academi izena du orain. 2002 eta 2012 artean milioika dolar jaso zituen enpresak Etxe Zuriaren aldetik, AEBen eraikinak, funtzionarioak eta konboiak babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.