EB Europako Batasuneko 2007-2013 urteak bitarteko aurrekontuetan adostu ahal izateko goi bilera abiatu zuten atzo hogeita bost estatu kideetako estatuburu eta gobernuburuek Bruselan. «Negoziazioak gogorrak eta zailak izango dira». Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek bilerara sartu aurretik egindako iragarpena bete egin zen. Lerro hauek idazteko garaian agintariek ez zuten lehen ministroak herenegun egindako azken proposamena aldatzea lortu eta, aurretik jakinarazi zuten moduan, ez zuten bere horretan onartu. Blairrek abenduaren 5ean aurkeztu zuen aurreneko proposamena eta harekin alderatuta, aldaketa nagusia da diru laguntza gehigarriak ematea jasotzen duela. Aurrekontua oro har murriztea, herrialde txiroenentzako laguntzak barne, eta deskontu britainiarra-ri eustea proposatu zuen Blairrek. Nekazaritzara bideratzen diren laguntzak murriztu arte ez duela deskontua ezabatuko ohartarazi zuen.
EBko txandakako presidenteak, baina, akordio bat lortzea espero zuela esan zuen: «Hasieratik argiak izan behar dugu. Asko dago jokoan. Inportantea da elkartasuna erakustea eta estatu kide berriei sostengua ematea denok nahi dugun garapen ekonomikoa lor dezaten». Frantziako presidente Jacques Chiracekin aurrez aurre bildu zen Blair. Londres eta Paris artean dauden aldeak agerikoak dira oso deskontu britainiarra eta nekazaritza laguntzak dira desadostasun iturriak. Blairren bozeramaile Tom Kellyk «akordio bat lortzeko benetako borondatea» sumatu zutela esan zuen, binakako bileraren amaieran: «Benetako aukerak daude. Gakoa da: Egingo al dugu? Oinarrizko gaiak ez dira aldatu behar eta inongo akordiok ez du zertan denon gustukoa izan». Jacques Chirac presidenteak hedapenaren kostuari aurre egiteko dagokion zatia bere gain hartzeko eskatu zion Blairri.Estatu kide askok proposamen berri bat eskatu zioten Londresi. Belgikako lehen ministro Guy Verhofstadtek orain arteko bi proposamenak «berdin-berdinak» zirela salatu eta beste bat eskatu zuen. Danimarkako lehen ministro Anders Fogh Rasmussenek, berriz, ekialdeko estatu kideentzako laguntza gehiago bideratuko dituen beste proposamen bat aldarrikatu zuen. Suediako lehen ministro Goran Perssonek, bestetik, akordio txar bat sinatu aurretik nahiago duela aurrekontuaren akordioa luzatzea esan zuen: «Arazo ugari daude oraindik eta datorren urtean lortzeko denbora badago oraindik».
Porrotaren atarian
Negoziazioak porrotean amaitu daitezkeela dioten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok adierazi zuen, ildo horretan, akordioa estatu kideek ezarritako erronken mailakoa izatea espero zuela, erakundearen sinesgarritasunari eutsi ahal izateko. Europako Batzordeak bilioi bat euroko aurrekontua eskatu zuen. Erresuma Batuaren azken proposamena 849.303 milioi eurokoa da aurreneko proposamenean jasotzen zuena baino 2.549 milioi handiagoa.
Austriako kantziler Wolfgang Schusselek hartuko du, datorren urtarriletik aurrera, erakundeko txandakako presidentetza eta ordurako akordiorik ez lortzeko aukerak kezkatzen zuela adierazi zuen atzo: «Izututa nago oso». Blairri, ildo horretan, bitartekari lan egokia egiteko eta malgua izateko eskatu zion: «Europa batu bat eta ez zatikatu bat behar dugu une honetan eta uste dut jende guztiak dakiela hori».Gaur amaitzen den goi bilerak porrot eginez gero, iragan maiatzeko erreferendumetan gailendu ziren ezetzek eragin zuten krisialdia sakondu baino ez da egingo. EBren hurrengo hedapenetan bat egitekoak ziren herrialdeen sarrera ere kolokan geldituko litzateke, baita estatu kide berrienek nahitaezkoa duten garapen ekonomikoa. Durao Barrosok «kutsadura efektua» deitu dio egoerari. Londresen proposamena ez dela azkenekoa izango eta «hobekuntzak» espero dituela nabarmendu zuen. «Akordiorik gabe ere, goi bilera gaur amaituko da», ohartarazi zuen Blairrek iluntzean.
Blair: «Akordiorik gabe ere, goi bilera gaur amaituko da»
Txandakako presidenteak estatu kideen arteko negoziazioak «gogorrak eta zailak» izango direla adierazi du, baina akordioa espero duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu