Erresuma Batua

Blairren gobernuaren legedi antiterrorista "legez kanpokoa" dela ebatzi du Lorden Ganberak

Erresuma Batuko Lorden Ganberak, estatu hartako erakunde judizial gorenak, Tony Blairren gobernuak abian jarritako "legedi antiterrorista" legez kanpokoa dela erabaki du. Lorden Ganberaren arabera, araudi horrek Europako Giza Eskubideen Ituna urratzen du, eta, beraz, ez da zilegia. Besteak beste, "delitu terroristak" egin dituztelakoan atxilotutako pertsonak eperik eta epaiketarik gabe, badaezpada, espetxean edukitzea baimentzen du. Legedi horren menpe eta beren aurkako prozedura judizialik gabe duela hiru urtetik espetxean dauden bederatzi lagunek aurkeztutako helegiteari erantzunez eman du Lorden Ganberak ebazpena.

2004ko abenduaren 16a
14:35
Entzun
Ben Emmerson bederatzi preso horietatik zazpiren abokatuak agertu du hiru urte baino gehiago kartzelan egin dituzten arren, oraindik ez dela haien kontrako kargurik aurkeztu eta, beraz, ez dakitela epaituko dituztenetz. Halaber, legediaren arabera egoera hori mugagabe luza daitekeela erantsi du. Bederatzi lagun horiek atzerritarrak dira.

Lorden Ganberaren iduriko, legedi horrek Europako Giza Eskubideen Ituna urratzen du, eta, ondorioz, ez da legezkoa.

Erresuma Batuko erakunde judizial gorenaren erabakia da araudia indarrean jarri zuen Tony Blair lehen ministroaren Gobernuarentzat. Gainera, barne politikari dagokionez une zailean da Blair: hain justu, legedia bultzatu zuen David Blankett Barne ministroak dimisioa eman zuen atzo ustelkeria afera batekin lotuta. Charles Clarkek atzo hartu zuen kargua Blaketten ordez, eta erabaki horrekin giro gaitzean hasiko du agintealdia. Datorren udaberrian hauteskundeak egingo dituzte Erresuma Batuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.