Quebec

Bloc Quebecoisen hamar parlamentaritatik zazpik alderdia utzi dute

Martine Ouellet liderrarekin dituzten desadostasunak "handiegiak" direla esan dute disidenteek. "Bloc Quebecoiseko liderrak erabaki duen norabide berriak Quebecen interesak independentzia sustatzearen azpitik jartzen ditu".

Berria
2018ko otsailaren 28a
18:20
Entzun

Louis Plamondon parlamentari disidentearen arabera, Bloc Quebecoisek ez du inoiz halako barne krisi larririk izan. "Mezu bat da liderrarentzat, haren jarrera birpentsatu dezan. Ez dut inoiz ikusi alderdirik non liderrak parlamentuko taldearen kontrola galdu duen". Plamondonek eta beste sei kideek Kanadako Ordezkarien Ganberan jarraituko dute, independente gisara.

Ouellet iazko martxoan hautatu zuten alderdiko buruzagi, eta ekainean bertan aurre egin behar izan zion barne krisi bati. Haren kabinete buruari leporatu zioten parlamentarietako bati buruzko informazioak filtratzea haren ospeari kalte egiteko. Ouelletek kabinete burua kargutik kendu zuen, eta krisi hura konpondutzat eman zuten gero.

Alderdia hautsi duen krisia, berriz, duela astebete piztu zen, Ouelletek alderdiaren kontseilu orokorrean eman zuen hitzaldiarengatik. Besteak beste, alderdiko buruzagiak esan zuen independentziaren aldeko jarrerak izan beharko lukeela alderdiaren lehentasuna, eta ez "azken 25 urteotan emaitza txarrak eman dituzten errezetek". Joan den igandean Gabriel Ste-Mariek Bloc Quebecoisen parlamentuko buruzagitza utzi zuen, eta Ouelletek hiru egun eman ditu disidenteekin negoziatzen, akordio bat lortzeko. "Independentistak garelako uste dugu Quebecen interesen alde ari garela", esan du Plamondonek. 

Quebecen bi alderdi independentista nagusi daude: Bloc Quebecois eta Parti Quebecois. Bloc Quebecois Kanadako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezten da, eta Parti Quebecois, berriz, Quebeceko Parlamenturakoetara. 2015eko hauteskundeetan Bloc Quebecoisek botoen %19,3 lortu zituen, 2011n baino lau puntu gutxiago —Kanada osoa kontuan hartuz gero, botoen %4,7—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.