"Bloke historiko berri bat eraikitzen ari da Katalunian"

"Espainia eraikita dago", Kataluniako Gobernuko Kultur kontseilari ohiaren ustez; horregatik da zaila haren itzalpean herri bat eraikitzea. Katalunian, "sakontasun handiko prozesu soziala" mamitzen ari dira.

Aritz Galarraga.
2014ko apirilaren 24a
07:52
Entzun

Joan Manuel Tresserras (Rubi, 1955), Kataluniako Gobernuko Kultura kontseilaria izan zen 2006 eta 2010 urteen artean, Jose Montillak gidatutako hiruko gobernuaren barruan (PSC, ERC, ICV). Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan aritu da BERRIArekin.

Espainiako Kongresuak ateak itxi ondoren adostutako erreferendum bat, eta Kataluniako legeen araberako galdeketa bat zail izango dela aurreikusita, zer-nola dago orain prozesu subiranista? Arriskuan ote dago?

Ez dut uste arriskuan dagoenik. Kontsultaren aurkako blokeak hilabeteotan formulatu dituen diskurtsoen sintesi bat izan da orain. Berriz hitz egin da erreforma konstituzionalaz, elkarrizketa proposamen berrituez, eta abarrez. Egun batzuetako eferbeszentzia izango da, baina berez ez da ezer aldatu, proposamen ausartenak ere ez baitu autodeterminazio eskubidea onartzen. Kataluniatik oraintxe planteatzen den gutxieneko elementua da Kataluniako herriaren subiranotasunaren eta subjektu historiko gisa duen oinarriaren aitorpena, bere kontutik bere etorkizunaren gainean erabaki ahal izateko. ANC Kataluniako Biltzar Nazionala erdeinatzeko aprobetxatuko dute abagunea, Mas presidentearen irudia higatzen saiatuko dira. Baina erasoa zenbat eta handiagoa izan, fermuki irauten badute beren ekinean, gizartearen batasuna orduan eta handiagoa izango da beren inguruan. Kontsekuenteak izan behar dute horretarako, eta, azaroaren 9an, herriak boza emango duela ziurtatu behar dute. Orduan, azaroaren 9an boza ematen badugu, edozein delarik ere modua, irabazi egingo dugu, estatuak esan baitu ez dela bozkatuko. Baina azaroaren 9an ezin izan badugu bozkatu, estatuak inposatutako logikagatik izango da. Litekeena da Masek hauteskundeak azaroaren 9rako deitzea. Eta irailaren 11rako, gutxi-asko, argi beharko luke horrek.

Arrazoi ekonomikoak, bai, garrantzitsuak izan dira prozesu subiranista abiatzeko orduan. Baina eta arrazoi kulturalak? Zenbaterainoko pisua izan dute jendearen haserrean hizkuntza, kultura, identitate katalanari egin zaizkion etengabeko erdeinuek?

Krisiak prozesua baldintzatu du, azkartu duelako. Baina katalanismoak autonomismotik subiranismora eman duen pausoak badu erreakzio puntu bat, nekea eta akidura, murru bat jotzeko sentipena: estatua harrizkoa da, aldatzeko modurik ez dago, saiatzen zara zeure burua azaltzen, eta ez da ulertzen ez dizutela eta ez dutela ulertu nahi. Konbentzituta daude arrakasta historiko handi baten ondorio direla, pozik daude beren burua ezagutu izanaz, badakite badirela; kontent daude diren bezalakoak izateaz, eta, gainetik, nahi dute mundu guztia izatea haiek diren bezalakoak. Katalunian diogu eraikitzen ari garen herri bat garela; bada, alde horretatik, Espainia eraikita dago, eta modu behin betikoan. Gehiago dute pasatu izandako sentipena, autonomien kontu hori gauza konplexuegia dela, murriztu eta uniforme bihurtu beharrekoa, urrutiegi joan zirela diferentzia katalan, galego, euskaldunarekin. Gisa horretan irudikatutako estatu baten barruan geratzen zaizun maniobrarako tartea oso txikia da.

Nola esplikatu, ordea, Kataluniatik bertan egokitu ez zaion bati, Kataluniako gizartean gertatu den aldaketa handia?

Kataluniako iritzi publikoa jarrera progresistagoetara lekualdatu da. Sistema erabat injustua delako kontzientzia dago, eta jendearen gehiengoak nahiko luke hori zuzendu. Bestelako balio batzuz zipriztintzen da, hala, estatu berri baten proiektua. Katalunian gertatzen ari dena sakontasun handiko prozesu sozial baten ondorio da: bloke historiko berri bat eraikitzen ari da, agintari klase zahar batzuk, burgesia industriala eta aliatuak, erdigunetik kentzen ari dena. Azken garaiotan, klase popular eta ertainek, ondo prestatutako jende langileak, ikusi dute Katalunian ez dela sekula izango proiektu sozial eta politiko espezifiko bat sortuko duen burgesia berri bat. Eta, ondorioz, erabaki dute beren kontutik egitea, konplexua uxatu dute, eta ekimen politikoa izan. Erabaki dute botere katalan berri bat sortzeko muturreraino joatea. Iraultza demokratiko baten forma hartzen du horrek Katalunian, eta jendeak eskatzen du erradikaltasun demokratikoa izango duen prozesu bat. Ezertara behartzen ez duen kontsulta bat egingo bagenu ere, emaitza moralki bete beharrekoa izango litzateke, herriak erantzun ahal izango lituzkeelako sekula erantzuten utzi ez dizkioten galderak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.