«Nik dakidala, Gazako herritar guztiak oinez ibil daitezke, eta beren autoetarako erregairik ez dute erregimen hiltzaile terrorista dutelako, Israelgo hegoaldeko jendeari bakean bizitzen uzten ez diona», esan zuen atzo Olmertek, Hamasen kabineteari eta Gazatik jomuga israeldarren kontra etxean eginiko koheteak jaurtitzen dituzten taldeei erreferentzia eginez. «Krisia eragozteko, herritarrei beharrezkoa den guztia emango diegu, baina beren bizitza erosoago egiten duten luxuzko gairik ez diegu emango».
NBEk ohartarazi duenez, blokeoak segitzen badu, datozen egunotan 860.000 herritarrentzako elikagai laguntza eten egin beharko du. Errefuxiatu palestinarrei laguntzeko UNRWA agentziaren hitzetan, poltsetarako nylona eta ibilgailuetarako zein argindar sorgailuetarako erregaia eskasten ari da.
Gaiak ahituz joan diren heinean, okindegiak eta gasolindegiak itxita aurkitu dituzte herritarrek. Martxan dauden argindar sorgailu bakarrak ospitaleetakoak dira, eta kezka dute diesela ez ote zaien laster ahituko. Eskualdean martxan geratzen zen zentral bakarra -Israelek besteak bonbaz suntsitu zituen- lanik egin ezinda dabil, igandetik fuel-oil gabe baitago.
2006an ezarri zion blokeoa Israelek Gazari, Hamas bozetan nagusitzean. AEBek eta Europako Batasunak blokeoa sustatzen dute.
NAZIOARTEAREN ESKAERA. Blokeoaren ideia sostengatu arren, EBk orain esan du Israel «kolektiboki zigortzen» ari dela Gaza, eta erregai hornidurari berriz ekitea galdegin dio Israeli. Azken orduotan hainbat ahotsak salatu dute blokeoa, hala nola Kairo, Liga Arabiarra, Londres, Paris eta Teheranek. Gainera, Zisjordania, Libano eta Jordanian ere manifestazioak egin dituzte, blokeoa kentzeko exijitzeko.
Ildo horretan, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek (Al Fatakoa) zigor neurri hori berehala kentzeko exijitu dio Tel Avivi, eta esku sartzeko eskatu dio nazioarteari.
Abbasi Israelekiko bake negoziazioetatik erretiratzeko exijitu dio Hamasek, Sami Abu Zuhri eledunaren bidez. Gazak blokeoa pairatzen duen bitartean bake elkarrizketekin segitzea «krimena» dela nabarmendu du Hamasek.
«Gazako herritar oro oinez ibil daiteke; autoetarako erregairik ez dute erregimen terrorista dutelako»
ehud olmert
israelgo lehen ministroa
Tragedia franko
denbora gutxianGazako herritarrek, Israelen erasoez gain, blokeoaren ondorioak pairatzen dituzte, eta Tel Avivek berak «ohiko bizimodu» iritzi dio horri.
mohammed omer
Rafa
Egoera latza pairatzen ari gara Gazan. Uneoroko argindar eteteak -zibilei eta ospitaleei egiten diete kalte-; Israelgo armadaren aire eraso eta bonbardaketak, zibilak eta polizia etxeak bereizi gabe eginak; pasabide guztien itxieraren bidez 1,5 milioi lagun gosea pasatzera behartzea, NBEren laguntza eta oinarrizko botika, elikagai eta eraikitzeko gaiak sartzea eragotzita... Erregai urritasuna dugu berriz ere. Gazako lekurik gehienetan ez dago argindarrik, eta are garrantzitsuago, ospitaleetako botika eskasiak hazten segitzen du... Hala, Palestinako Aginte Nazionalaren -Hamasen esku dagoen zatia- Osasun Ministerioak hondamendi humanitarioaren arriskuaz ohartarazi du.
Nola utzi aipatu gabe iragan ostiralean eztei bat bete-betean jo zuen bonbardaketa, Gaza hirian Barne Ministerioak duen eraikinetik gertu? Jomugaren eremuan 15 apartamentu eraikin daude Emakume bat hil eta beste 47 lagun zauritu zituen -gehienak umeak eta emakumeak-, kalean edo haien etxeetan zirela. Gazako ezkontza aretoan ezteiaz gozatu eta gutxira, zaurituta, odoletan eta negarrez ageri ziren haur horiek... Gertaera izugarri hori apenas zabaldu zuten komunikabideek.
Zaurituak Al Shifa ospitalera eraman zituzten, eta han zaila izan zen haientzako adina ohe eta manta aurkitzea. Umeak hirunaka edo launaka egokitu zituzten oheetan, dagoeneko gaixo eta zauritu gehiegi zeudelako.
Egun batzuk lehenago, iragan asteazkenean, 19 palestinar hil zituen Israelgo armadak Gazan.
Jasandako erasoak ugari dira. AEBetako presidente eta bakegile George Bushen bisitaz geroztik, soilik 74 orduko tartean Israelgo armadak gutxienez 37 lagun hil eta 90 baino gehiago zauritu ditu. Kopuru horiek edozein unetan haz daitezke.
ISRAELEN LEGEZ KANPOKO ARMAK. PANeko Osasun Ministerioak Gazan duen eledun Khaled Radik salatu duenez, nazioarteak debekatutako armak erabiltzen ari da Israel. Ondorioz, jendeak ezin ditu bere senideen gorpuak identifikatu, hain da handia haien txikizioa.
Hildakoen artean 13 urteko mutiko bat eta haren aita eta osaba zeuden; Israelek «akats» iritzi zion hilketari. Israelen beste eraso batek ama bat, Mariam al Rahel, eta haren seme Mohammed hil zituen, asto batek tiratutako gurdian zihoazela. Haien gorpuak, beste hainbat kasutan bezala, zati txikietan geratu ziren sakabanatuta.
«BIZIMODUA, OHI BEZALA».Erasoak eraso eta hilketak hilketa, adierazpen mingarriak egin ditu Israelgo Defentsa Ministerioko eledun Shlomo Drorrek. «Onartezina da Sderoteko jendea egunero beldurrez bizitzea, Gaza eskualdeko jendeak bizimodua ohi bezala egiten duen bitartean». Erresistentzia palestinarrak Gazatik maiz jaurtitzen ditu etxean eginiko koheteak ondoko Sderot hiri israeldarrera. Hilabeteak dira koheteek biktimarik eragin ez dutela.
Harentzat, zer da bada «bizimodua ohi bezala» egitea? Zeren eta esan nahi badu normala dela lau egunean 35 zibil baino gehiago hiltzea, populazio oso bat gosearen ertzean behartuta egotea eta neguko gauak argindarrik nahiz burusi nahikorik gabe dardarka igarotzea, ospitaleak ixteko beharrean aurkitzea edota halamoduz ebakuntzak egitea -beharrezko botika, elikagai, burusi eta lekurik gabe izaki-... beno, orduan bai, ohi bezala bizi gara.