Kolonbia. Bake negoziazioak

Bogota eta FARC laugarren bake prozesuaren aurrean

Kolonbiako Gobernuak eta gerrillariek bihar emango dute Oslon negoziazioen agendaren berri, azken unekorik ez badaNorvegiako hitzorduaren ostean, Kuban jarraituko dute hizketan hil honen amaieran

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Argazki bat aterako dute Oslon FARCeko gerrillariek eta Kolonbiako Gobernuaren ordezkariek, gatazka amaitzeko borondatea dagoela erakusten duen irudia. Negoziazioen aurreko bileren txanda amaituta, agenda zehaztua aurkeztuko dute Norvegian, eta, ondoren, Habanan jarraituko dituzte elkarrizketak, hilabete honen amaieran edo datorrenaren hasieran. Hasiera hementxe da, baina prozesua luzea izango da. Hilabeteak igaroko dira akordio zehatz batera heltzeko, eta, ongi joatekotan, urteak gauzatzeko. Kolonbiarrak uzkur daude lau hamarkadatan hiru prozesuk porrot egin dutelako, baina laugarrenean ere itxaropenari lekua egin diote, ezein gizarte ezin delako eraiki indarkeriaren gainean.

Behin bi aldeak eserita, prozesuaren berri emateko prentsaurrekoa iragarri zuen joan den astean biharko Norvegiako Gobernuak, eta, atzo kideen iritsierak eta azken unekoek negoziazioen epea atzeratzeko arriskua agerian utzi bazuten ere, oztopoak oztopo negoziazioen berri iragarri bezala emango dutela jakinarazi du Veslemoy Lothe Salvesen Atzerri Ministerioko bozeramaileak, besterik esaten ez den bitartean: «Ez dago atzerapenik, oraingoz». Norvegiako Gobernuaren babesean, Oslo kanpoaldeko leku ezjakin batetik erakutsiko dute bi aldeek asmo onetan dabiltzala.

Atzo gertatutakoak, baina, edozerk hitzordua atzera dezakeela ikusteko adibidea izan ziren. Eguraldi txarraren ondorioz, Luciano Marin Arango Ivan Marquezek hitzordura garaiz heltzeko arazoak izan zituen, hain justu, gerrillari negoziatzaileen buruak, eta, bestalde, gerrillariek azken unean Tanja Nijmeijer taldera batzeko hartutako erabakia ez zitzaion Kolonbiako Gobernuari gustatu, ez delako kolonbiarra. Gerrillariek argudiatu dute herbeheretarra izanda ere, hamar urtean izan dela FARCeko kide. Rodrigo Londoño Timochenko gerrillaren buruak atzo baieztatu zuen Nijmeijer negoziatzaileen artean izango dela.

Zalantzaz beteriko prozesua izango da, eta, oraingoz, gauza ziur bakarretakoa hauxe da: bake prozesua ez datorrela su-etenarekin batera, eta horretara heltzeko prozesuak aurreratua beharko duela. Otsailean hizketan hasi zirenetik 60 bat gerrillari hil ditu armadak, eta FARCek ere ez ditu bere ekintzak bertan behera utzi. Juan Manuel Santos presidenteak kargua hartu zuenean bakearen giltza zuela esanez gero, bi urte daramatzate harremanetan, sei hilabete hizketan Kuban, etabost puntutan negoziatu beharreko proposamena erdietsi dute.

Prozesua hiru alditan

Prozesua hiru alditan egingo dute: lehena joan den otsailetik abuztura Habanan egindakoa da, eta, gatazka amaitzeko negoziatu beharrezkoak zehaztu ondoren, orain, gai zehatzen negoziazio txandaren garaia da, egunotan Oslon hasi eta ondoren Habanan jarraituko dutena. Bost puntuen eta horiek bideratzeko mekanismoen gaineko akordioa atera beharko da hizketa saio horietatik. Hirugarren aldirako utziko dira mekanismoak; FARCek armak utzi dituela ziurtatuko dute, eta estatuak, indarkeria, eta, horrez gain, hitzartutako gainerakoa bi aldeek betetzen dutela baieztatu. Bakea lortzeko teorian zehaztutakoa praktikan jartzeko helburua betetzea izango da erronkarik zailena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.