Boli kostak bi presidente ditu, Gbagbok eta Uattarak hartu baitute kargua

Alassane Uattararen garaipena onartu du lehen ministroak, eta bere gobernuaren dimisioa aurkeztu dio

Erredakzioa
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Herrialdean bertan zein nazioartean ozen adierazitako salaketei muzin eginda, presidente kargua hartu du Laurent Gbagbok Boli Kostan. Ordu batzuk beranduago berak ere kargua hartu duela jakinarazi du Alassane Uattara oposizioko buruak. Kontseilu Konstituzionalak jakinarazi zuen herenegun Gbagbo izan zela joan den azaroaren 28ko hauteskundeen irabazlea. Egun bat lehenago, berriz, Uattarari eman dio garaipena CEI Hauteskundeen Batzorde Independenteak; Alassane Uattara oposizioko buruaren garaipena bermatu du ere nazioarteak.

Egoera nahasi eta liskartsu honek indarkeria giroa areagotu du Boli Kostan. Hala, ostiraletik larunbaterako gauean, oposizioko jarraitzaileen eta segurtasun indarren arteko borrokak izan diraAbidjanen. Hiriko hainbat auzotan izandako liskar horien ondorioz, gutxienez bi lagun hil dira. Atzoko egunean ere, istilu gogorrak izan ziren Abobo, Adjame, Kumasi, Port-Bouet eta Treichville auzoetan. Uattararen jarraitzaileek, pneumatikoak errearazita, kaleak trabatu zituzten,eta poliziek eta soldaduek tiroak botata egin zieten aurre.

Uattararen deia, armadari

Uattarak, egoera sutsu honen aurrean, lasaitasunerako deia egin die jarraitzaileei. Boli Kostako indar armatuei, aldiz, neutralak izateko eskatu die. Philippe Mangou Boli Kostako armadaburujeneralak, baina, Laurent Gbagbori leialtasuna aldarrikatu dio. Kontrakoa egin du Guillaume Soro orain artekolehen ministroak. Honek iragarri du oposizioko buruari haren gobernuaren dimisioa eman diola, azaroaren 28ko bozen garaipena aitortuz.

Nazioarteak ere oposizioaren garaipena du aintzat hartu. Hala, Uattarari zorionak eman dizkiotenen artean dira Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon, Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obama eta Frantziako estatuburu Nicolas Sarkozy. Frantziak mila bat soldadu ditu Boli Kostan. Uattarari, gatazkak okerrera egin dezan, lasaitasunez eta arduraz jokatzeko eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.