Boli Kostako mendebaldeko herrietan ehun hilotz aurkitu dituzte

Presidentearen jauregian gotortuta jarraitzen du Gbagbok; Abidjanen egoera baretu egin da

Erredakzioa
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Alassane Ouattararen eta Laurent Gbagboren tropek Boli Kosta mendebaldean egin dituzten «ankerkeriak» ikertzen ari da NBE. Duela hainbat egun bi aldeek giza eskubideak urratu zituztela jakinarazi zuen. Azken orduetan ehun hilotz topatu dituzte; batzuk bizirik erre zituzten, eta beste batzuk, ordea, putzu batera jaurti.

Guiglo, Duekoue eta Bloloquin herrietan aurkitu dituzte hildakoak. «Arrazoi etnikoengatik» hil zituztela uste du NBEk, baina arduradunak zeintzuk izan diren esateko goizegi dela adierazi dute. Gurutze Gorriak Duekoue herrian hildakoak 800dik gora izan zitezkeela salatu zuen duela egun gutxi. Bi bandoek elkarri leporatu diote hilketa. Lekukoek, aldiz, bi aldeetakoak salatu dituzte.

Bitartean, Abidjan hirian egoera baretu egin da. Ouattara hauteskundeetako irabazlea herritarrei mintzatu zitzaien herenegun, eta ordena berrezartzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu zion gobernuari. Tiro hotsak entzun daitezke hiriko hainbat gunetan, baina erasoaldi bortitzak amaitu dira. Hainbat auzotan urik, jakirik eta elektrizitaterik gabe eman dituzte azken egunak. NBEk egoera oraindik larria dela adierazi zuen, atzo.

Gbagbok, bitartean, presidentearen jauregian gotortuta jarraitzen du. Bere bunkerra setiatu dute NBEren tropek eta Ouattararen aldeko indarrek. Frantziako Atzerri ministroak, Alain Juppek, Gbagboren aroa amaitutzat jo du; izan ere, orain arte presidentea izan dena lehenago edo beranduago eroriko dela adierazi du.

Liberiara ihesi

Milioi bat lagunek etxetik alde egin dute gatazkaren ondorioz. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 150.000 lagunek herrialdea uztea erabaki dute, eta gehienek Liberiara jo dute. Ganara eta Togora ere joan dira beste asko. Gatazkak baretu badira ere, errefuxiatuen etorriak ez du etenik herrialde horietan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.