Gerra zibiletik gero eta hurbilago dago Boli Kosta. AI Amnesty Internationalek salatu duenez, joan den azaroaren 28ko hauteskundeez geroztik, armadak eta Poliziak jendea desagerrarazi, bahitu, arbitrarioki atxilotu, jazarri eta hil dute. Errepresio hori pairatu dutenak zenbat diren ez du zehaztu AIk, baina gertaera horien «lekukoen» informazioa duela dio. Guillaume Soro, jarduneko lehen ministroak, berriz, Laurent Gbagbo jarduneko presidentea agintetik kentzeko «indarra» erabil dezala eskatu dio nazioarteari. Azken hauteskundeak Alassane Ouattara oposizioko buruak irabazi ditu, eta nazioarteak hala aitortu zion. Gbagbok, ordea, ez ditu emaitzak onartu, eta irabazletzat jo du bere burua. Bi aldeen arteko istiluak gero eta larriagoak dira.
AIk azaldu duenez, bahiketak identifikatu gabeko erasotzaileek egin dituzte anitzetan, «defentsako, segurtasuneko edo milizietako indarretako elementuen» laguntzarekin. Bahituak «gero eta gehiago» direla adierazi du Salvatore Sagues AIren mendebaldeko Afrikarako ikertzaileak. «Hil edo indarrez desagerrarazi» dituztela uste du Saguesek. Halaber, Ouattararen aldekoek Abidjanen «jazarpen ekintza etengabeak» egin dituztela ere salatu du AIk. Abidjan da herrialdeko hiririk populatuena, eta hiriburua de facto —berez, Jamusukro da hiriburua—.
Matxinoen buru ohiaren deia
Sorok, berriz, adierazi du nazioarteko presioak eta zigorrek ez dutela eraginik izan Gbagboren jarreran. Haren iritziz, Gbagbo nazioarteak «jazarria» sentitzen bada ere, «gero eta bortitzagoa» izan daiteke, eta «bide suizida bati» ekin diezaioke. Hortaz, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, EB Europako Batasunari, AB Afrikako Batasunari eta ECOWAS Afrika mendebaldeko estatuen elkarte ekonomikoari eskatu die Boli Kostan esku hartzea planteatzeko.
FN Indar Berriak talde matxinoaren burua zen Soro. 2002an, gerra zibila hasi zenean, Gbagboren aldeko indarren aurka borrokatu zen FN, eta herrialdearen iparraldea kontrolpean hartu zuen. Gerra amaituta, 2007an, trantsiziozko gobernua eratzea adostu zuten bi aldeek. Gbagbo presidente izendatu zuten, eta Soro, berriz, lehen ministro. FNk, baina, ez zituen armak utzi, eta iparraldea bere kontrolpean du oraindik. Azken hauteskundeen krisia hasi zenean, Sorok Ouattara sostengatu zuen, eta hark berriz ere lehen ministro izendatu zuen matxinoen buru ohia.
Ouattara eta haren aldekoak Abidjango Golf Hotelean daude, Gbagboren aldeko militarrek inguratuta. FNko matxinoek eta NBEko 800 kasko urdinek babesten dute hotela. NBEren konboiak hotelera hurbiltzea debekatu du Gbagbok, baina kasko urdinek helikoptero bidez izan dute harremana. Hotela lehenbailehen uzteko eskatu die Gbagbok, eta han daudenen segurtasuna ziurtatuko duela zin egin du. Ouattararen aldekoek, ordea, ez diote sinesgarritasunik eman.
Herenegun, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ohartarazi zuen NBEren misioa arriskuan dagoela —10.000 kasko urdin daude guztira Boli Kostan—. Nazioarteak esku hartu behar duela adierazi du Banek, Ouattararen jarraitzaileak eta kasko urdinak «ito» ez ditzaten Gbagboren aldekoek. Gerra zibila hasteko arriskua handia dela azpimarratu du Banek. Alain le Roy NBEren bake misioen arduradun nagusiak, berriz, adierazi du Gbagboren aldeko miliziek armak eskuratu dituztela, eta kasko urdinekin borrokatzeko «probokazioak» prestatzen ari direla. Le Royk jakinarazi du Gbagbok Liberiako mertzenarioak kontratatu dituela; horiei egotzi die giza eskubideen aurkako ekintzak egitea.
Nazioarteko zigorrak
Nazioartean, Boli Kostaren aurkako neurri gehiago hartu zituzten atzo. Alde batetik, Munduko Bankuak herrialdera bideratutako finantza laguntza eten du, Gbagbok ez duelako boterea utzi. Bertzalde, EBk Gbagbori eta haren hemezortzi laguntzaileri Europako Batasuneko herrialdeetara bidaiatzeko debekua ezarri die. Hartutako neurriak Boli Kostako bake prozesuari «oztopoak jartzen» ari diren lagunei eraginen diela jakinarazi du EBk. Egoerak bere horretan jarraitzen badu, urtarrilerako zigor neurri gehiago hartu nahi ditu EBk.
Gerra arriskua dela eta, Frantziak eta Alemaniak Boli Kosta uzteko eskatu diete euren herritarrei. Boli Kosta Frantziaren kolonia izan zen 1960 arte, eta gaur egun 15.000 frantziar bizi dira bertan. Gainera, ia mila soldadu ditu han Parisek. Nigeriak, berriz, diplomazialari denak atera ditu herrialdetik, Abidjango enbaxadak erasoa izan ondotik.
Boli Kostan jendea bahitu eta desagerrarazi dutela dio AIk
NBEk ohartarazi du gerra zibila lehertzeko arriskua handia dela; kasko urdinen egoerarengatik kezkatuta dago Ban Ki-moonOposizioak «indarra» erabiltzeko eskatu dio nazioarteari, Gbagbo boteretik kentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu