Boli Kostan oposizioa eman du nazioarteak bozen garailetzat

Hauteskunde Batzordeak Alassane Uattara egin du bozen irabazle; Kontseilu Konstituzionalak, berriz, Laurent Gbagbo. Gobernuak mugak itxiarazi ditu, eta mugatu egin du nazioarteko kazetarien lana

2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Boli Kostan zabalik daude iraganeko zauriak, azken egunotan agerian gelditu baita duela hamar urte piztu zen krisi politiko larria ez dela amaitu. Ezen, joan den azaroaren 28an egin ziren presidentetzarako bozetara lehiatu ziren bi hautagaiak garailetzat jo dituzte hainbat erakundek. Hauteskundeetako Batzorde Independenteak Alassane Uattara oposizioko buruari eman dio garaipena; eta Kontseilu Konstituzionalak, aitzitik, Laurent Gbagbo jarduneko presidenteari. Egoera nahasi eta liskartsu honek gerra zibila berriz pizteko arriskuak handitzen dituelarik, nazioarte komunitateak lasaitasunez eta arduraz jokatzera deitu ditu bi aldeak. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, dena den, egoera gehiago makurtu ez dadin jarrera hartu behar izan du, eta oposizioaren garaipena babestu du.

Gatazka giroa nabarmen hazi da bozen emaitzak zabaldu eta gero. Kontseilu Konstituzionalak Boli Kostan 2000. urteaz geroztik estatuburua denari eman dio garaipena; Laurent Gbagbok botoen %51,4 eskuratu dituela jakinarazi du. Alassane Uattara oposizioko buruari, berriz, botoen %48,5 eman dizkio. Datu horiek zabaltzearekin batera, baina, «baliogabetu» egin ditu iparraldeko zazpi barrutitako bozen emaitzak, «arau-hausteak» eta «legez kanpoko jokaerak» izan zirelakoan.

Emaitzak, epez kanpo

Buakekoa da barruti hauetako bat, 2007. urtean bake akordioak hitzartu zituzten arte iparraldeko FN indar armatu matxinoen gotorlekua izandakoa. Bestela ere, oposizioko burua alde handiz garaile atera zen barrutietako emaitzak baliogabetu ditu Kontseilu Konstituzionalak. Erabaki hori hartzeko, egitura politiko gorenak zehaztu du hautestontziak oposizioaren aldeko «boto iruzurrez beteak» zeudela, «hautesle batzuei botoa ematea galarazi» zitzaiela eta «mehatxupean boto ematera behartuak» izan zirela.

Kontseilu Konstituzionalak Gbagbori garaipena ematea ez da, hala ere, ustekabea izan; ezen, erakunde horretako buruak herenegun adierazi zuen ordu batzuk lehenago iragarritako bestelako emaitzak «baliogabeak» zirela. CEI Hauteskundeen Batzorde Independenteak, baina, oposizioa egin du azaroaren 28ko bozen garaile. Erakunde horrek aditzera eman du Alassane Uattarak botoen %54,1 bereganatu zituela eta jarduneko presidenteak, berriz, bozen %45,9 lortu zuela. Kontseilu Konstituzionalaren arabera, baina, emaitza horiek legezko epez kanpo egin dira, horretarako azken eguna asteazken gauerdia zela zehaztuta, eta, ondorioz, erakunde gorenak biharamunean behin betiko emaitzak emango zituela jakinarazi zuen.

Uattararen RHDP Demokraziarako eta Garapenerako Hufuetisten Elkarteak gogor salatu du ekintza hau. Yao N'dre Kontseilu Konstituzionaleko presidenteari «alderdikeriaz» aritzea leporatu dio Amadou Gon Coulibalyk: Uattararen kanpainako arduradunak «epaile jardunetik» atera izana egotzi dio N'dreri; «FPI alderdiaren jantziak jantzi ditu». FPI Boli Kostako Fronte Patriotikoa Laurent Gbagboren alderdia da. Kontseilu Konstituzionaleko kide guztiak jarduneko presidentearen aldekoak direla nabarmendu du oposizioaren kanpaina buruak, estatuburuak izendatu zituela azpimarratuta. Hala eta guztiz ere, bozen emaitzekin pozik agertu da Amadou Gon Coulibaly: «Nolanahiere, berdin dio, herriak bere hitza jakinarazi du eta; Gbagbok galdu egin du Boli Kostan».

Nazioartea bitartekari

Herrialdearen barneko zatiketa gelditu da agerian egunotan, eta erakundeen arteko talka aintzat hartuta, bitartekarietara jo dute agintariek. Guillaume Soro Boli Kostako lehen ministroak, artean Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren berririk ez zegoela, Nazio Batuen Erakundeari dei egin zion bozen emaitzak «egiazta» zitzan. FN Indar Berriak iparraldeko matxinoen erakundeko buruzagi politiko ohia gobernuburu da 2007ko bake akordioen ostetik. Sorok Youn-jin Chori NBEko Boli Kostako ordezkariarieskatu zion «azaroaren 28ko bozen emaitzak egiazta» zitzan «hauteskunde prozesuaren ondorio politiko eta juridikoak aldarrikatzeko xedean».

Egoera oso nahasi eta liskartsuan dago oraindik, beraz, Boli Kosta. Uattararen aldekoek presidentearen «estatu kolpe asmo» baten arriskuaz ohartarazi zuten. «Gbagbok estatu kolpe bati esker eskuratu zuen boterea, 2000. urtean, eta uste du 2010ean, lehiaketa ireki eta leial baten ostean, berdin jokatzeko aukerarik duela», adierazi du Amadou Gon Coulibalyk.

Gobernuak, adierazpen horiei nolabait aurrea hartuz, mugak ixteko agindua eman die indar armatuei, hain zuzen ere, oposizioak garaipena aldarrikatu eta berehala. Ildo beretik, nazioarteko hedabideen eta kazetarien jarduerak mugatzea agindu du. Gatazka egoera honetaz eta neurri hauez kezkak azalduta, NBEk, Ameriketako Estatu Batuek eta Frantziak, besteak beste, «herriaren hitza errespetatzeko» eskatu diete agintari eta arduradun politikoei, baita «lasaitasunez eta arduraz jokatzeko ere, gatazkak okerrera egin dezan saihesteko». NBEk, bide batez, «bakerako eta batasunerako» lana egin dezan eskatu dio Uattarari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.