BOLIVIA. AUTONOMIA ERREFERENDUMA. Konstituzioan oinarritutako «benetako autonomia» onartuko du soilik Moralesek

Herritarren %85ek baietz bozkatu dute Santa Cruzko autonomia galdeketan; abstentzioa %40 izan da

2008ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Santa Cruz eskualdeko autonomia erreferendumak Boliviako gizartearen banaketa berretsi du Evo Morales presidentearen ekimen indigenaren eta eskualde aberatsenen botere egarriaren artean. Indarkeriak eta iruzur salaketek baldintzatu duten galdeketaren ondoren, kontrajarritako gogoeta egin dute Moralesek eta autonomiaren aldeko agintariek. Hausnarketa sakonago baten atarian, herritarrek erabaki aurretik zuten aburuari eutsi dio alde batek zein besteak, negoziazioari atea sobera zabaldu gabe. Gobernuko presidentearen hitzetan, erreferenduma porrota izan da, eta abstentzioaren gorakadarekin arrazoitu du. Eskualdeko agintariei dei egin dieMAS Sozialismorako Mugimenduaren gehiengoak hitzartu zuen Konstituzio proiektuan oinarrituz «benetako autonomiaren bila» negoziatzeko. Santa Cruzko agintariek, berriz, herritarren epaia ospatu dute, eta, pausoz pauso, eskualdeko estatutua indarrean jarriko dutela iragarri, Konstituzioari jarraiki legez kanpokoa izan arren.

Ostiralean jakinaraztekoak diren emaitza ofizialen zain, hainbat ikerketa enpresek egindako inkestetan oinarritu dira orain arte politikariak erreferendumaren lehen gogoeta egiteko. Ipsos eta Mercado enpresek egin dute aurreikuspena, bozkaleku mahaien zenbaketa azkarra eginda. Era horretara, boto baliodunen %85 Santa Cruzko autonomiaren aldekoak izan ziren igandeko galdeketan, eta %15 kontrakoak. Bozkatzeko aukera zuten herritarren %61ek eman zuten botoa, eta abstentzioa %39 izan zen. Ildo horretan, 2006ko uztailean autonomia ereduaz erreferendumak egin zituzten Bolivian: orduan Santa Cruzko herritarren %71,1ek alde bozkatu zuten, eta abstentzioa %17,48 izan zen. Bozkalekuetako inkestei jarraiki, autonomiaren aldeko botoa %24 hazi da orain, eta abstentzioa, era berean %21. Bestalde, hauteskunde batzordeak mahaien herena zenbatu dituenean, baiezkoak dira botoen %84 eta ezezkoak %15. Abstentzioa %65 inguru izango litzateke . Mahaien %97 ezarri ahal izan dituzte erreferendumean, eta hainbat herritan galdeketa eragotzi dute Gobernuaren jarraitzaileek.



IRUZURRA ETA INDARKERIA. Moralesek Santa Cruzko herritarrak zoriondu ditu, erdiak baino gehiagok erreferendumean ezezkoa bozkatu dutelako, bere hitzetan. «Ezin zaio herriari ziria sartu %80 baino gehiagorekin irabazi duen garailea dagoela esanez». Abstentzioaren %39, ezezkoaren %14 eta baliogabeko botoen %2,4 batu ditu Moralesek hori arrazoitzeko. «Espero dut prefektuek nire deiari entzungo diotela, elkarrekin eskualdeentzat autonomia berma dezagun, herri indigenentzat eta departamenduentzat». Legez kontrako galdeketak eragotziko dituela gaineratu du: «Ezin da bortxa erabiliz Konstituzioaren aurkako autonomiak ezartzen saiatu, egin duten moduan; herrientzat autonomia ziurta dezagun, ez taldeentzat».

Eskualdeen autonomia eskaerekin bat egiten duten iritzi emaileek Moralesen aldekoek sustatutako indarkeriari leporatu diote parte-hartzearen jaitsiera. Santa Cruzen, hamasei zauritu utzi dituzte gutxienez MAS Sozialismorako Mugimenduaren jarraitzaileen eta autonomiaren aldekoen arteko borrokek. Negar eragiteko gasa arnastu ondoren, 68 urteko gizonezkoa hil da istiluetan. Gobernua ikertzen ari da aurretik zuen gaitzarengatik hil ote den. «Indiarra» eta «aberri saltzailea» deitu diote elkarri herritarrek hauteslekuen atarian piztu diren istiluetan. Moralesen gobernuak abstentziorako deia zabaldu zuen hara eta ona aurreko egunetan, erreferenduma Bolivia banatzeko egina zela arrazoituta. Botere ekonomikoen eta Amerikako Estatu Batuen atzaparra ikusarazi zuen aimara buruzagiak. Santa Cruz Bolivian indigena gutxien duen eskualdea da, eta baita herrialdeko gune oparoena ere.

«Oker dago egun demokratikoa, arrakastatsua, baketsua eta lasaia izan dela dioena», azaldu du Evo Moralesek. Eskualdearen indarkeria giroa eta galdeketaren iruzurra aipatu ditu Boliviako presidenteak. Aldez aurretik autonomiaren aldeko baiezkoa markatuta zuten boto txartelak aurkitu dituztela salatu du, herritar batzuk erroldatik ezabatu dituztela, eta beste batzuk bozkatzera derrigortu. Ruben Costas Santa Cruzko agintariak ordea, irregulartasun horiei garrantzia kendu die, erreferendumean kasu bakanak izan direla esanez. «Botoaren bidez aberriaren egiturazko aldaketa garrantzitsuena abian jarri da». Bolivia, Hego Ameriketako herrialde txiroena, deszentralizatuena ere izatea nahi du. «Hauteslekuek epaia eman dute, eta gaizkiaren mandatariek ezin izan dute beren gorrotorik inposatu».

Gobernuak galdeketa legez kanpo jo zuenez, ez da hauteskunde batzorde nazionalaren begiralerik izan hauteslekuetan, eta Poliziak indarkeria galarazteko betebeharra zuen bakarrik. Plan Tres Mil Santa Cruz hiriburuko auzo txiroenean gertatu dira istilu larrienak, gobernu indigenak sostengu handiena duen eskualdeetan. Inkesten emaitzak jakin bezain pronto, kaleetara atera dira milaka herritar baiezkoaren garaipena ospatzera. Bestalde, Boliviako beste hiri batzuetan milaka eta milaka pertsona batu dira Gobernuari babesa emateko eta autonomia erreferendumen aurka agertzeko. La Paz, El Alto, Oruro eta Cochabamban izan dira martxak, besteak beste.



ESTATU EREDUA ETA ELIKAGAI KRISIA.Costasen hitzetan, eskualdeetako autonomiak herrialdearen batasuna ziurtatzen du. «Akordio nazional handia» proposatu du estatuko legedia egokitzeko eta erakundeak indartzeko. Herritarrek onartutako estatutua eztabaidarako irekia dago, bere hitzetan. Moralesen gobernuak, alabaina, Konstituzioak proposatutako autonomia mailekin bateragarria izango diren eskumenak onartzen ditu soilik. Eskualde aberatsenen ordezkarien apeta eta Moralesen ezkerreko ekimena bateraezinak dira orain arte.

Andeen inguruko mendebalde txiroaren eta ekialde oparoagoaren arteko banaketa areagotzen ari den bitartean, beste erronka bati aurre egin beharko dio Boliviak : Goseteari. Nazio Batuen Erakundeak elikagai krisia jasan dezakeen munduko herrialdeen artean izendatu du. Inoiz ez dutela hainbesteko goserik pasa dio Plan Tres Mil auzo txiroko biztanle batek.



Evo MoraLesen aGInTaLDIa

Indigenen itxaropena aro erabakigarrian

Evo Moralesek Boliviako lehen presidente indigena izatea lortu zuenetik garai zailena igarotzen ari da erreformak egonkortzean, eskualde aberatsenak etsaitu zaizkiolako.



2005

Abendua. Hauteskunde orokorretan gehiengo absolutua lortu zuen Evo Morales MAS Sozialismorako Mugimenduko hautagaiak abenduaren 18an. Eskualdeetako bozetan, egun berean, bederatzi prefektuetatik sei lortu zituen oposizioak.



2006

Urtarrila. Moralesek presidente kargua hartu zuen urtarrilaren 22an, eta Bolivia Konstituzio batekin eraldatzea hitzeman.

Uztaila. Eredu autonomikoa ezartzeari buruz erreferendumak egin zituzten uztailaren 2an. Santa Cruzen herritarren %71k baiezkoa bozkatu zuten. Benin, Tarijan eta Pandon ere baiezkoak irabazi zuen.

Abendua. Santa Cruz, Tarija, Benin eta Pandoko agintariek Konstituzioari ezetz esango ziotela iragarri zuten Gobernuak autonomiak onartzen ez bazituen.



2007

Abendua. Moralesen aldeko gehiengoak Konstituzio egitasmoa hitzartu zuen. Aldi berean estatutu egitasmoa aurkeztu zuten Boliviako lau eskualde aberatsenek.

2008

Urtarrila. Morales prefektuekin bildu zen estatutuak Konstituzioarekin uztartzen saiatzeko, baina porrot egin zuten.

Martxoa. Bozen Batzordeak Konstituzio erreferendumak bertan behera utzi eta autonomia galdeketak arbuiatuzituen.

Maiatza. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak Boliviaren batasuna babestu zuen baina ez zuen Santa Cruzko galdeketa kondenatu. Erreferendumean botoen %86 lortu du baiezkoak, inkestei jarraiki.





«Ezin da, egin duten moduan, bortxa erabilita Konstituzioaren aurkako autonomiak ezartzen saiatu»

Evo Morales
Boliviako presidentea
«Botoaren bidez,aberriaren egiturazko aldaketa garrantzitsuena abian jarri da»

Ruben Costas
Santa Cruz eskualdeko prefektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.