Boliviak esan du Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera duela orain

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du ibaia «nazioartekoa» dela, eta La Pazi eta Txileri eskatu die elkarrizketak izan ditzatela «etengabe»

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu, artxiboko irudi batean. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Boliviako presidente Luis Arcek atzo nabarmendu zuenez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Silala ibaiko aferari buruz herenegun emandako epaiak bide emango dio Txileko ubide artifizialak desegiteari. «Justiziak berretsi egiten ditu Silalako uretan ditugun eskubideak eta kanal artifizialak eraisteko subiranotasuna», esan zuen Arcek. Haren hitzetan, «ikerketa zientifikoen lanari eta aldebiko harremanei esker» konpondu dute «herri senide batekin izandako eztabaida», eta erantsi du «herrien onurarako lan egiten jarraituko» dutela. Hagako epaiak, hein batean, baretu egin ditu Latinoamerikako bi estatu horien arteko urak. Silalak Boliviako Potosi departamentuan du iturburua, eta muga zeharkatzen du Atacamako basamorturantz, Lur planetako eskualderik idorrenetako baterantz, Txileko beste ubide batean itsasoratzeraino.

Nazio Batuen Erakundeko organo judizial nagusiak herenegun ebatzi zuenez, «ez dago zalantzarik» Silala ibaia «nazioartekoa» dela, bi herrialdeetako administrazioek onartu duten gisan. Halaber, berretsi zuen Boliviak bere lurraldean dituen azpiegiturak «mantentzeko edo kentzeko eskubidea» duela. Hori bai, Nazioarteko Justizia Auzitegiko presidente Joan Donoghuek bi estatuetako gobernuei eskatu zien elkarrizketak izan ditzatela «etengabe», uren eskubideak eta babesa bermatzeko.

Auzitegiko magistratuak ez zuen herrialde baten aldeko edo aurkako epairik eman, baina atzera bota zuen Txilek Boliviaren aurka aurkeztutako auzi eskea. Izan ere, Santiagok La Pazi leporatu zion uraren erabileraren betebeharrak ez betetzea. Era berean, Hagak ez du onartu Boliviaren beste auzi eske bat. Adierazi zuenez, Txilek ura «bidez eta zentzuz erabiltzeko eskubidea» du, herrialdeak baliabide hidrikoak «behar bezala» erabiltzen dituelako. Horiek horrela, Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Ebazpenaren berri izan ostean, Txileko presidente Gabriel Boricek atzo esan zuen epaia «sendoa, funtsatua eta kategorikoa» dela, eta auzitegiaren erabakia txalotu zuen. Aldiz, azpimarratu zuen Santiagok «elkarlanean jarraitzeko borondatea» duela: «Bolivia bizilagun garrantzitsua da Txilerentzat».

Morales, kritiko

Hagako ebazpenak baretu egin du nolabait 2016an bi herrialdeen artean Silala ibaiaren aferaren harira areagotutako tentsioa. Zehazki, urte hartan, Evo Morales orduko presidenteak (2006-2019) mehatxu egin zion Txileri auzitara eramango zuela Altiplanoko urak «lapurtzeagatik». Akusazio horri erantzunez, Txileko orduko presidente Michelle Bacheletek (2014-2018) auzi eske bat aurkeztu zuen 2018an. Bada, Hagak emandako epaiari erantzun zion atzo Moralesek, eta Txilek izan duen erreakzioa kritikatu zuen, Santiagok «garaipentzat» hartu baitu.

Gatazka 1879an hasi zen, Boliviak Ozeano Barerako irteera galdu zuenean, Txileren aurkako gerra galdu ostean. 1904an sinatu zuten bake hitzarmena; horren bitartez, Boliviak eskubidea lortu zuen ozeano horretako portuetatik aske igarotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.