Boliviak REE Espainiako Sare Elektrikoaren TDE enpresa nazionalizatu du

Espainiak dio Boliviako desjabetzearen kasua «oso ezberdina» dela Argentinako YPFren aldean

Ane Urrutikoetxea.
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Boliviako presidente Evo Moralesek REE Espainiako Sare Elektrikoaren TDE Elektrizitate Garraiatzaile izeneko enpresa desjabetu du langileen egunean. Nazionalizatu bezain laster, armadak inguratu egin du Cochabambako TDEren egoitza, eta Moralesen aldeko herritarrak ere bertaratu dira, presidenteak hartutako neurria txalotzeko. Moralesen arabera, Boliviako langileen omenez hartutako erabakia izan da, herrialdearen baliabideak berreskuratzeko keinua: «Egun hau aproposa da Boliviako langileak omentzeko, eta herrialdeko baliabide eta zerbitzuak nazionalizatzeko». Boliviako presidentearen esanetan, REEk oso diru gutxi inbertitu du orain arte TDEn, eta hori izan da desjabetzeko arrazoi ofiziala: «Hamasei urtean, Espainiako enpresak ez ditu 61,3 milioi eurotik gora inbertitu TDEn. Urtean 3,8 milioi euro baino gutxiago sartu ditu enpresan, eta hori ez da nahikoa langileen lan baldintzak mantentzeko». Armadaren ekintza goraipatu du Moralesek, eta «eskerrak» eman dizkio «enpresa herritarren eskuetara bueltatzeagatik».

REEk «harrituta» jaso du Boliviaren erabakia; izan ere, TDEko akzioen % 99,94 bereak ziren Nazioarteko Sare Elektrikoa enpresaren bitartez. Espainiako enpresaren esanetan, atzo arte ez zuen Moralesen asmoen berririk izan, eta Boliviako Gobernuarekin bidezko konpentsazioa adostea espero du. Enpresako langileak ere «harriturik» daude, eta beren lan baldintzak mantentzeko eskatu dute. REEk egindako inbertsioak onartuko dituela adierazi du Boliviako presidenteak: «Enpresekin arduratsuak gara. REEri dirua itzuli behar badiogu, hala egingo dugu». Bestalde, Morales Repsol petrolio enpresako presidente Antonio Brufaurekin elkartu da TDEren desjabetzearen berri eman eta ordu batzuk geroago. Boliviako hegoaldeko Margarita gas fabrika ireki dute, Argentinara esportazio kopurua handitzeko helburuarekin.

Argentinak YPF nazionalizatu zuen duela bi aste, eta Espainiarekin dituen harreman ekonomikoak gaiztotu egin ziren. Dena den, Espainiako Gobernuaren esanetan, Boliviak egindako desjabetzea «oso ezberdina» da. Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Garcia-Margallo eta Industria, Energia eta Turismo ministro Jose Manuel Soriaren esanetan, Mariano Raxoi Espainiako presidenteak desjabetzearen berri bazuen aurretik. Soriaren arabera, Raxoik Boliviako kasua «sakon aztertuko du».

IU Izquierda Unidak Boliviak hartutako neurria babestu du. Espainiako Parlamentuko IUren Ekonomia bozeramaile Alberto Garzonen ustez, desjabetzea bidezkoa da herrialdearen konstituzioak onartzen badu: «Moralesek herrialdea aurrera darama. Boliviak baliabideak irabazi ditu herrialdeko ekonomia eraikitzeko. Espainia, aldiz, nazionalismoan harrapatuta dago». Espainiako Parlamentuko CiUko bozeramaile Josep Antoni Duran i Lleida, aldiz, «kezkatuta» dagoela adierazi du: «Espainiako enpresak desjabetzea modan ipiniko ote den beldur naiz».

Nazionalizazioen ugaritzea

REEk 2002an bereganatu zuen TDE enpresa. Boliviako elektrizitatearen %85 enpresak ekoizten du, eta orain herrialdeak berak kudeatuko du ekoizpena. Nazionalizazioak asko zabaldu dira azken urteetan Hego Amerikan. Petrolioari eta gasari dagokienez, Bolivian, Ekuadorren eta Venezuelan egin dituzte batez ere, aberastasunen kontrola berreskuratu, eta gizartean banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.