Mundua

Bolivian erreferenduma egingo dute Konstituzio berriaz

Morales presidenteak akordioa lortu du oposizioarekin, eta 2009ko urtarrilaren 25ean egingo dute galdeketa. 411 artikuluetatik ehun baino gehiago aldatzea onartu du Gobernuak. Urte honetako abenduaren 6an hauteskundeak egingo dituzte, eta Moralesek agindu du beste behin baino ez dela aurkeztuko presidentziara, ez bi aldiz.

2008ko urriaren 21a
19:19
Entzun
Evo Morales Boliviako presidenteak gaur jakinarazi duenez, 2009ko urtarrilaren 25ean Konstituzio berriaz erreferenduma egingo dute, Kongresuan oposizioarekin lortutako akordio politikoa dela-eta. Bi aldeen artean liskarretan dabiltza irailetik, eta hainbat hildako izan ziren hilabete horretan. Oposizioak autonomia handiagoa eskatu du eskualde batzuentzat.



Horretaz gain, Boliviako hauteskundeak aurreratu egingo ditu Moralesek, urte honetako abenduaren 6ra. Akordioa lortu asmoz, Moralesek agindu du presidentziara beste behin baino ez dela aurkeztuko eta ez beste bi aldiz, oposizioa beldur zen bezala.

Egun hauetan presidentearen aldeko milaka jarraitzailek La Paz hiriburura ibilaldia egin dute, 200 kilometrokoa, erreferenduma egin dadin. Horren amaieran eman du erabakiaren berri Moralesek. Orain deialdia lege bihurtzeko pausoak emango ditu.

Boliviako Asanbladak 2007ko abenduan onartu zuen Konstituzioari aldaketa batzuk egingo dizkiote: hauteskunde sistemaz, autonomiez, indigenen justiziaz, Kongresuaren egituraz... 411 artikuluetatik ehun baino gehiago aldatzea onartu du Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.