Boliviako herritarren %59k konstituzio berria onartu zuten igandean eginiko erreferendumean, boto zenbaketaren orain arteko datuen arabera. Halere, lurjabeak eta enpresaburuak nagusi diren ekialdeko bost estatutan sostengu txikia izan du. Evo Morales presidenteak bultzatutako lege nagusiak, besteak beste, gehiengo indigenari eskumen handiagoak ematea aurreikusten du, baita Moralesi berari presidentetzarako hauteskundeetara berriz aurkezteko aukera ere. Behin betiko emaitzak otsailaren 4an jakinaraziko dituzte.
Bozketa orohar modu baketsuan egin zen (makilak zeramatzaten 15 gazte atxilotu zituzten Santa Cruzen, ekialdean), eta Moralesen esanetan, "estatu kolonialaren bukaera" ekarriko du konstituzio berriak. "Hemen hasten da Bolivia berria. Orain hasten gara benetako berdintasunera iristen", esan zien presidenteak bere milaka jarraitzaile La Paz hiriburuan, presidentetzaren jauregitik.
Adituen hitzetan, garaipena historikoa da, kontuan izaki ez dela denbora asko igaro indiarrak bozkalekuetara joatea debekatua zutenetik; igandeko bozketan parte hartu zuten boto emailerik zaharrenek oraindik gogoratzen dute bazterketa erabat nagusi zen aro hori. 1952an eskuratu zuten boto eskumena, iraultza baten ondotik.
Moralesek dio Konstituzioak Bolivia "deskolonizatu" egingo duela, Espainiaren konkistatik galdutako indigenen baloreak berreskuratuz. Halaber, lurra berriz banatzeko klausulak ditu lege nagusiak, eta Kongresuan hainbat eserleku erreserbatzen ditu gutxiengo diren beste talde indigena batzuentzat. Bolivian gehiengoa dira indigenak, nagusiki aimara, kitxua eta guarani taldekoak. Haien artean lortzen du sostengu gehien Moralesen MAS Sozialismorako Mugimenduak. Aitzitik, mestizoak eta zuriak nagusi diren tokietan, ekialdeko probintzietan, haren politikaren aurkakoak dira nagusi.
Ezezkoa nagusi ekialdeko bost estatutan
Boliviako dituen bederatzi estatuetatik bostetan konstituzioaren kontrako botoa nagusitu da, baina ez dute oraindik boto portzentaiarik eskaini. "Bost estatutan Konstituzioa errefusatu dugu. Bost estatutan herrialdearen beste ikuspegi bat daukagu", adierazi du gaur ekialdean dagoen Trinidad hiriko alkate Moises Shiriqui.
Oposizioa nagusi den estatuetako batean, Santa Cruzen "berdinketa" iritzi diete orain arte jakinarazitako emaitzei; diotenez, baiezkoaren eta ezezkoaren arteko aldea oso txikia da. Santa Cruzeko Autonomietarako Prefeturako idazkari Carlos Dabdoubek Red Uno kateari adierazi dionez, orain arteko zenbaketak baieztatuz gero, Konstituzioa indarrean jartzea "bideraezina" izango da. Bere iritzian, %40ko ezezko botoekin eta probintziei dagokienez Boliviako bi heren ezezkoaren alde izaki, behar-beharrezkoa da lege nagusia gauzatu ahal izateko "negoziazio eta itun sozialerako agenda" hitzartzea Gobernuarekin.
Podemos (Botere Demokratiko eta Soziala) eskuineko aliantzako senatari Luis Vazquezentzat, emaitzek erakusten dute Gobernuak ez duela herriaren batasuna lortu. "Hausnarketa posible bakarra zera da, enfrentamenduan dagoen herrialdea dela, eta herrialde zatitu batean ezin da itxaropena erein".
Lurjabe handiek (zuriak) ez dute batere ondo ikusten Moralesen politika, batez ere nekazaritza erreformaren alorrekoa, beraiei zuzenean eragiten baitite. Konstituzio berrian aurreikusten denez, lur jabetzak ezingo dira 12.000 edo 24.000 akre baino gehiagokoak (kasuen arabera) izan.
Mundua
Boliviarrek konstituzio berria onartu dute erreferendumean
Orain arteko zenbaketen arabera, botoen %59 eskuratu ditu Evo Morales presidenteak bultzatutako lege nagusiak. Gehiengo indigenari eskumen gehiago emango dizkio Konstituzioak. Halere, lurjabeak eta enpresaburuak nagusi diren ekialdeko bost estatutan sostengu txikia izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu