Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat izan da, eta horrek ekarri du Brasil kutsatu gehien dituzten herrialdeetako bat izatea.

Jair Bolsonaro. JOEDSON ALVES / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 7a
17:31
Entzun

Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak positibo eman du COVID-19an. 65 urte ditu, eta, azaldu duenez, igandean hasi zen ondoezik sentitzen. 38 graduko sukarra eduki du, eta tratamenduan jarri dute, klorokinarekin. Bolsonarok berak «bikain» dagoela adierazi die kazetariei.

Brasilgo presidenteak luzaro uko egin zion konfinamenduari, ekonomiari kalte egingo ziola argudiatuta. Horren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuen ondoren, Brasil da COVID-19ak gehien kutsatutako munduko herrialdea: 1,63 milioi kutsatu dituzte.

Eskuin muturreko liderrak ahaleginak egin zituen pandemiari larritasuna kentzeko, Osasun ministroa kargutik kentzeraino. Maiz esan izan du birusa «gripe soil bat» baino ez dela, eta jarrera pasiboa izan du. COVID-19aren kudeaketa «arduragabea» dela eta, ABJD Demokraziarako Brasilgo Legelarien Elkarteak Nazioarteko Zigor Auzitegian salatu zuen Bolsonaro, «gizadiaren aurkako krimenak» egitea leporaturik.

Bolsonarok adierazpen eta ekintza polemiko ugari egin ditu azken hilabeteotan. Apirilean, esaterako, berrogeialdiaren aurkako ekitaldi batean parte hartu zuen, eta, bertan, egoerari aurre egiteko esku hartze militarraren alde agertu zen. Horrez gain, koronabirusa «amarru» mediatikotzat jo zuen, eta haren aurkari politikoei leporatu zien herritarrak «propio engainatzea» eta «izua zabaltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.