Somalia

Bonba-auto batek gutxienez 92 pertsona hil ditu Somalian

Ustez gidari suizida batek leherrarazi du haren ibilgailua, baina nazioarteko zenbait hedabide Al-Shabaab miliziari begira jarri dira dagoeneko.

Poliziak eztanda handia gertatu den lekuan, Muqdisho hiriburuan. SAID YUSUF WARSAME / EFE
2019ko abenduaren 28a
19:10
Entzun

Goizeko puntako orduan izan da, 08:00etan, Muqdishon, Somaliako hiriburuan. Auto bat leherrarazi dute kontrolgune batean, eta dozenaka lagun hil dira. Zerga bulego baten ondoan izan da, eta patruila autoak, ikasleak eta saltzaileak zeuden inguruan. Mohamed Yusuf Medinako ospitaleko zuzendariak adierazi du gutxienez 92 pertsona hil direla. 90 zauritu baino gehiago artatzen ari dira. Abdikadir Abdirahman Haii Adenek, hiriburuko Aamin anbulantzia zerbitzuaren sortzaileak, Reuters berri agentziari adierazi dio lanean ari direla, eta hilen kopuruak gora egingo duela datozen orduetan.

Inork ez du bere gain hartu erasoa, baina nazioarteko zenbait hedabide Al-Shabaab miliziari begira jarri dira dagoeneko. Izan ere, horrelako erasoak egin izan dituzte inguruan. Gainera, autoa leherrarazi den lekuko errepidea eraikitzearen aurka agertu zen milizia. Taldea duela hamar urte baino gehiago sortu zuten, Somalian, eta Al-Qaedaren aliatuak dira. 2011. urtean bota zituzten Muqdisho hiriburutik, baina herrialdeko zenbait gune kontrolatzen dituzte oraindik. Duela bi aste, bost pertsona hil ziren Al-Shabaabek Muqdishoko hotel bati eraso egin zionean. Politikariak, armadako ofizialak eta diplomazialariak zeuden han. Somaliako Gobernuak haiei egotzi zien 2017ko urriaren 14ko erasoa: hiriburuko merkataritza gune bati eraso, eta 587 pertsona hil zituzten.

Somalian gatazka egoera da nagusi 1991. urteaz geroztik. Mohamed Siad Barre buruzagia kargutik kendu zuten, eta herrialdeko agintea kolokan egon da ordutik. 2000. urtean, batasun gobernu bat osatzen saiatu ziren, baina asmoak ez zuen aurrera egin. Talde islamisten koalizio batek hartu zituen hiriburua eta herrialdearen hegoaldeko zati bat, eta egoerak korapilatzen jarraitu zuen, talde islamista matxino hori kanporatzeko saiakerak hasi baitziren. Mendebaldeak babestutako trantsizio gobernu bat osatu zuten azkenean, 2004 eta 2012 artean. Herrialdeak gobernu zentral bat du orduz geroztik, baina ezegonkortasuna da nagusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.