Afganistan

Bonba auto batek pertsona bat hil du Afganistanen, Laura Bush hara iristear dela

Lehergailuak zeramatzan auto batek eztanda egin du Afganistan ekialdean, eta barruan zihoan pertsona bakarra, gidaria, hil egin da. Laura Bush AEBetako presidente George Bushen emaztea Afganistanera bisita ofizialean iristear dela gertatu da leherketa. Agintariek uste dute hil den gizonezkoa Nangarhar probintziako gobernadorearen aurka atentatua egin nahi zuen suizida zela, baina nahi baino lehen zartatu zaiola bonba.

2005eko martxoaren 30a
12:41
Entzun
Goizeko 08:30ak inguruan gertatu da leherketa (06:00 Euskal Herrian), Kabul hiriburutik 80 kilometro ekialdera, Afganistango irrati eta telebista estatalaren egoitzatik hurbil.

Pertsona bakarra, 24 urteko gizonezko bat, zihoan autoan, eta bera bakarrik hil du eztandak. Era berean, ez du beste inor zauritu.

Nolanahi ere, Afganistango agintariek uste dute Haji Din Mohamed Nangarhar probintziako gobernadorea zela erasoaren jomuga, eta hil den pertsona ekintzaile suizida bat zela.

Laura Bush AEBetako presidentearen emaztea bisita ofizialean iritsi baino ordu batzuk lehenago gertatu da eztanda, eguerdian Kabulen izango dela baitago aurreikusita. Bisita horretan Hamid Karzai Afganistango presidentearekin, emakumeen garapena bultzatzen duten elkarteekin eta AEBetako Armadako soldaduekin egoteko asmoa dauka Bushek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.