Guardia Zibilak goizeko lauretan izan du gertatutakoaren berri. Leherketak kalte materialak eragin ditu, baina gertatu denean hutsik zegoen udaletxea.
Alkateak azaldu duenez, kalteak "oso handiak" izan dira, eta eztanda "herri osoan" eta albokoan entzun ahal izan da. "Ez dakigu nortzuk diren egileak. Ez dakigu Zaragozako basilikan lehergailua jarri zuten berberak ote diren", gaineratu du.
Alkate polemikoa
Senen Pousari bere sakelekora inork deitzen dionean Cara al sol doinu falangista entzuten da. Baina ez hori bakarrik. Francoren irudia eta beste ikur frankista batzuk dauzka zintzilik udaletxeko bulegoan, eta haren omenez antolatzen diren mezetara joatea gustatzen zaio, frankismoarekin lotutako taldeei diru laguntzak emateaz gainera. Duela hilabete eskas, Francoren aldeko adierazpenak egin zituen, eta BNG alderdiak dimisioa eman zezala eskatu zuen, eta, "memoria historikoaren legea errespeta" zezala. "Testuingurutik kanpo" egon ziren esandakoak, biharamunean alkateak esan zuenez, eta PPko alderdikideek garrantzia kendu zioten gertatutakoari.