ekialde hurbila

Bonbardaketei eutsi die Israelgo Armadak eta ez du baztertu Libano indarrez hartzea

Israelgo Armadako buruzagietako batek adierazi du erasoaldia beste hainbat astez luzatuko dela eta ez du baztertu Libano barrura lehorreko indar zabalagoa bildatzeko aukera. Zazpigarren egunez Libano bonbardatzen jarraitzen du Israelek itsasoz eta airez. Joan den asteazkenetik hona, gutxienez 200 libanoar –gehienak zibilak– eta 24 israeldar –erdia zibilak– hil eta 500 baino gehiago zauritu dira. Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak errefusatu egin du nazioarteko tropek Libanon esku hartzea. Lekukoen arabera, Beirut hegoaldeko hiriak bonbardatu ditu gaur Isralego Armadak eta gutxienez sei lagun hil ditu.

2006ko uztailaren 18a
09:51
Entzun
"Une honetan ez dugu uste beharrezkoa denik Libano barrura sartzeko lehorreko indar handiak martxan jartzea, baina egin behar badugu, egingo dugu. Ez dugu baztertzen", adierazi du Moshe Kaplinsky Israelgo Armadako buruzagietako batek Israelgo irratian.

"Hezbolak hainbat kohetek osatutako sistema oso zabala du", azaldu du Kaplinskyk. "Taldeak [Israelgo] iparraldearen aurka tiro egiten jarraitzeko ahalmena dauka eta biztanleek somatzen dute hori. Ahal dugun guztia egingo dugu sufrimendu hori urritzeko".

Libano osoa bonbardatzen jarraitu du gaur Israelgo Armadak eta ez dirudi erasoaldia berehala amaituko denik. Izan ere, Kaplinskyk jakinarazi du beste hainbat astez luzatuko dela. Lekukoek azaldu dutenez, Beirut hegoaldeko hiriak erasotu ditu gaur berriro ere. Gutxienez sei pertsona hil dira erasoan eta hiri osoan somatu den leherketa bat izan da. Minutu batzuk geroago hiru misil jaurti dituzte. Beirut hegoaldeko hiriak ia ia suntsituta daude etengabeko bonbardaketen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.