Multanen (Pakistan) gutxienez 39 lagun hil eta 100dik gora zauritu ziren atzo auto batek lehenengo eta motor batek ondoren eztanda egitean. Horrela, 76 dira dagoeneko azken sei egunetan hil diren pakistandarrak. Leherketak 3.000 sunita bildu zituen bilera baten amaieran gertatu ziren. Gau osoa iraun zuen bilera horretan Azim Tarik buruzagiaren hilketaren urteurrena gogoratzen ari ziren Milat et Islami taldeko milaka jarraitzaile sunita. Azim Tarik Siaph-e Sahaba Pakistan (Mahomaren kideen soldaduak) ezkutuko taldearen sortzaile izan zen eta 2003ko urriaren 6an tirokatu zuten. Egun Milat et Islami izena duen talde honi xiiten aurkako hainbat eraso egozten dizkiote. 150 milioi pakistandarren artean %15 inguru xiitak dira; gehienak sunitak dira.
Bilera bukatu eta bildutakoak sakabanatzen ari zirenean 7 kilo lehergailu zituen auto batek eztanda egin zuen: «Goizaldeko 04:30 inguruan manifestaziotik irteten ari ginenean auto bat hurbildu zen gugana. Argiak pizturik zituen, jendearen aurka jo eta eztanda egin zuen. Horren ondoren ez dakit zer gertatu zen», azaldu zuen Kari Hafeezek, zaurituetako batek. Berehala, motor batek ere egin zuen eztanda. «Dena ilun zegoen eta jendeak oihu egiten zuen laguntza eske. Erabateko nahastea zegoen».Oraingoz inork ez du atentatua bere gain hartu, baina, Poliziaren ustez, muturreko talde xiita bat izan daiteke erantzulea. Hain zuzen ere, duela sei egun, Islamabad hiri burutik gertu,Sialkoten, hain zuzen, meskita xiita baten aurkako eraso suizida bat izan zen. Eraso hartan 30 pertsona hil eta 60 zauritu ziren. Hori dela eta, lekukoek ere berehala egotzi zieten atzoko erasoaren erantzukizuna xiitei. Ospitaleko iturrien arabera, 100 zaurituetatik 30 gutxienez larri eraman zituzten erietxera. Atentatuen ondoren 2.000 lagun inguru zaurituak eraman zituzten erietxearen aurrean bildu ziren. Manifestariak xiiten aurka oihuka aritu ziren xiitak desleialak deiadar eginez.
Lasaitasun eske
Milat et Islami taldeko buruzagia ere, Maulana Mohamad Ahmed Ludianvi, joan zen ospitalera bertan bildutakoei lasaitasuna eskatzera. Duela hamar egun, segurtasun indarrek Amjat Farukui Al Kaedako ustezko burua hil zuten. Ahmeden ustez, ostegun goizaldeko erasoa hilketa horren erantzuna izan zitekeen.
Pervez Musharraf Pakistango presidenteak, berriz, honako adierapenak egin zituen atzo erasotzaileei buruz: «Jende honek ez du gizatasun izpirik eta ez dute islamarekin zerikusirik».
PAKISTAN
Bonbaz eraso eta 39 pertsona hil dituzte, gutxienez
Milaka jarraitzaile sunita bilduta zeuden Multanen, Azam Tarik buruzagi erlijiosoaren hilketaren urteurrena gogoratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu