Boris Johnson kontserbadorea berriro hautatu dute Londresko alkate, datozen lau urteetarako, gaur gauerdian hauteskunde batzarrak jakinarazi duenez.
Johnsonek botoen %51,5 jaso du, eta haren atzetik geratu da Ken Livingstone, %48,47ko babesarekin. 62.000 botoen aldea izan da.
Udal hauteskundeetan oro har nabarmen egin dute atzera agintean diren kontserbadore eta liberal-demokratek —12 udal eta 405 zinegotzi galdu dituzte—. Horregatik, alderdi kontserbadoreak arnas apur bat hartu du Londresen irabazita. Gobernuaren gainbeherak mesede egin die laboristei.
Inkestek garaipena ematen zioten Johnsoni; hala ere, aldea esperotakoa baino murritzagoa izan da. Inkestek Johnsonen garaipena aurreikusten zuten botoen %52arekin, eta hautagai laboristak botoen %48a lortzea espero zen.
2008ko udal bozetan ere bien arteko norgehiagoka bizia izan zuten; kontserbadoreak nagusitu ziren orduan.
Emaitzak jakin ondoren, Boris Johnsonek esan du hiriak aurrera egin dezan borroka egingo duela gobernuaren aurrean. Olinpiar Jokoak ere hizpide izan ditu, eta adierazi du 84 egunetan mundua konturatuko dela Londres "birsortzen" ari den hiri bat dela.