MAZEDONIA

Boris Trajkovski presidentea hil da, Bosnian, hegazkin istripu batean

Konstituzioaren arabera, Legebiltzarreko buruak hartu beharko du gobernuburu kargua; 1992-1995 bitarteko gerran lurperaturiko minak daudenez, zaila izan da gorpuak eskuratzeko lana

Erredakzioa
2004ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Boris Trajkovski Mazedoniako presidentea hil zen atzo, Stolac hiritik (Bosnia) gertu dagoen mendikatean. Oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla medio, Trajkovski zihoan hegazkinak mendia jo zuen. Hegazkineko gainontzeko sei bidaiariak ere hil ziren ezbeharrean.

Istripua gertatu zenean, Mazedoniako presidentea Bosniako Mostar herrira zihoan ekonomiaren inguruko konferentzia batean parte hartzera. Dimka Boshkovic presidentearen kabineteko burua eta Risto Blazevski presidentearen aholkularia ere zendu ziren ezbeharrean.Nedzad Vejzagic Bosniako Poliziaren bozeramaileak atzo adierazi zuenez, salbamendu lanak zailak izan ziren. Izan ere, 1992 eta 1995 urteen bitartean Bosnian izan zen gerra zibilean lurperatuta geratu ziren mina ugari daude hegazkina erori zen mendikatean.Bosnian, goizeko 08:00etan eguraldi kaskarra zegoela esan zuen Vejzagicek; haize gogorra eta euria gogotik ari zuen, antza, ordu horretan Bosnian. Hala, Poliziaren bozeramailearen esanetan, baliteke eguraldiak eragin izana istripua. Halere, oraindik guztiz argitzeke daude ezbeharraren nondik norakoak.Bosniako Poliziaz eta Armadaz gain, NATOko militarrek ere hartu zuten parte hegazkinaren salbamendu lanetan. Mazedoniako Konstituzioaren arabera, presidentea hilda, Parlamentuko buruak hartuko du Estatuaren buruzagitza. Hala, Batasun Sozialdemokratako Liuptxo Jordanovski izango da behin-behineko presidentea.Branko Crvenkovski lehen ministroa Dublinen zen atzo. Bertan Bertie Ahern Europako Batasuneko txandakako presidentearekin bilduta zegoen, Mazedonia EBko kide izateko eskaera ofiziala egiteko. Ezbeharraren berri izatean, baina, bilera bertan behera utzi eta Mazedoniara itzuli zen.

Kroaziako presidente Stjepan Mesicek atzo Bruselan esan zuenez, «Mazedoniako presidentearen heriotzak ondorio politikoak izango ditu». Mesicek azaldu zuenez, «ez da erraza izango Trajkovskiren ordezkoa topatzea; pisu handia izan du Mazedoniako politikagintzan, eta haren lanak eragin handia izango du herrialdearen etorkizunean».

Boris trajkovski

Mazedoniako presidentea

Zatiketaren aurkari





Boris Trajkovski 1999. urtean aukeratu zuten herritarrek Mazedoniako presidente. Gobernuko buru izan aurretik, ordea, Atzerri ministro zen Trajkovski.

Eginbehar garrantzitsua izan zuen 1999. urtean izan zen Kosovoko krisian. Trajkovskik Mazedonian zeuden 300.000 albaniarren alde ezer ez egitea egotzi zion NATOri. Alabaina, Mazedoniako albaniarrak borrokan hasi zirenean, jarrera gogorra hartu zuen hasieran Trajkovskik. Europako Batasunaren esku-hartzearen ondoren, bake plan bat aurkeztu zuen, etnien arteko gatazka amaitzeko helburuz. UCK-ko gerrillariek onartu zuten planak hainbat eskubide onartu zizkien albaniarrei. Herritar gehienak eslaviarrak dira, baina albaniarrak laurden bat inguru dira. Europako Batasunak Trajkovski goraipatu zuen atzo, eta «tolerantziaren laguna» zela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.